Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Erronka ekologikoa, hauteskunde kanpainaren erdigunean

Bizi mugimenduak udal hauteskundeetara aurkeztu diren hautagaitzei helarazi dien proposamenari esker, erronka ekologikoa kanpainaren erdigunean da. 76 zerrendatako hautagaiek sinatu dute Metamorfosi Ekologikorako Ituna. Manifestazio batekin amaitu zen atzo, Baionan, Mauletik abiatu zen oinezko martxa.

Iazko abenduan iragarri zuen Bizi mugimendu altermundialistak udal hauteskundeetan aurkeztuko diren hautagaiei «zazpi engaiamendu ausart» har ditzatela eskatzeko kanpaina. Ekimenak hiru ardatz nagusi zituen; sinadura bilketa, Maule eta Baiona lotuko zituen oinezko martxa, eta proposamenarekin bat egingo zuten hautagaien ekitaldi publikoa.

Sinadura bilketak milaka norbanakoren atxikimendua jaso du eta atzo ere ehunka lagun batu ziren martxoaren 2an Mauletik abiatu eta Baionan amaitu zen martxan. «Ez da trantsizio bat behar, metamorfosi bat baizik» nabarmendu zuten martxako kideek.

Azken etapa Biarritzetik abiatu zen eta geldialdia egin zuen Angelun, Claude Olive auzapezaren bulegoaren aitzinean; izan ere, hautagai eskuindarrak ez du sinatu Metamorfosi Ekologikorako Ituna. Horrekin batera, martxoaren 14an, hauteskunde egunean, Angelun bizikleta martxa egingo dutela iragarri zuen Bizi-k.

15.00etan iritsi zen martxa Baionara. Euripean sei ordu oinez ibili ostean, harrera beroa jaso zuten 60 martxistek. 26 elkartek deitu zuten mobilizazioak ehunka lagun bildu zituen eta Lapurdiko hiriburuko karrikak zeharkatu zituzten. Horrela eman zioten amaiera 120 kilometroko ibilbidea egin duen martxari.

Hautagaien sinadurak

Bizi mugimenduak proposatzen dituen zazpi neurriak herri programetan atxikitzeko gonbidapena jaso zuten 158 herrietan hauteskundeetara aurkeztu diren zerrenda guztiek. Hautagaiei beren konpromisoa publikoki erakusteko deia ere egin zien Bizi-k eta horretarako hitzordua ezarri zuten martxoaren 5erako Uztaritzen. Aurrez, Euskal Elkargoak bere sostengua azaldu zion egitasmoari.

Guztira 43 herritan aurkeztuko diren 70 zerrendatako hautagaiak izan ziren Uztaritzeko Lapurdi gelan egin zen ekitaldian. Ipar Euskal Herri osoko biztanleriaren %82 ordezkatzen duten herrietako zerrendetako ordezkariak bertaratu ziren Metamorfosi Ekologikorako Ituna publikoki sinatzera.

Biarritz eta Baionako herriko etxeetako zerrendaburuak nahiz herri txikiagoetako hautagai nagusiak izan ziren Uztaritzen. Oraindik sinatu ez duten zerrendetako hautagaiei dagokienez, gaurko gauerdira bitarteko epea dute zazpi neurriko plana babesteko. Horientzat deialdi berezia egin zuten atzo Baionan eta, jakinarazi zutenez, azken orduetan beste sei hautagaitzak sinatu dute ituna.

Hautagaiez gain, hainbat herritar ere bildu zen Uztaritzeko ekitaldian, herritarrek ere sina baitezakete ituna. Jada mila hauteslek baino gehiagok agertu diote atxikimendua konpromiso zerrendari.

Atzoko mobilizazioan ere hautesleei deialdi berezia egin zien Bizi-k, bozkatu nahi duten zerrendak ituna sinatu duen egiazta dezaten. «Bozkatu aitzin, so egiten dut ea izenpetu duten», zioten Baionako manifestarien afixek.

Egoeraren larritasunaz ohartarazteko, azken ikerketa zientifikoen arabera 2024tik aitzina Lurraren berotze efektua 1,5 gradu gehitzeko arriskua dagoela nabarmendu zuten Biziko kideek eta «desastre hori geldiarazi behar» dela gaineratu zuten

 

Emandako hitza betetzen dela ziurtatzeko jarraipen estua

2014ko hauteskundeetan trantsizio ekologikorako 53 neurri aurkeztu zituen Bizi-k. Guztira 30 herriko etxek egin zuten bat (Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %75) proposatzen ziren neurrietako batzuekin). Horrela, Hitza Hitz lantaldea sortu zen eta azken urteetako bilana iazko abenduan aurkeztu zuten.

Ipar Euskal Herriko udalek trantsizio ekologikoarekiko duten engaiamendu maila erakusten duen mapa bat argitaratu zuten. Konpromisoak hartu zituzten herrietan «engaiamenduaren %53 aitzinatu da, baina engaiamendu orokorrean soilik %10 aitzinatu da», azaldu zuten. Udal batzuek hartutako konpromisoak betetzeko urratsik ez zutela egin ere salatu zuten.

Helburua «hartutako konpromisoak betetzea» da, Biziko kideek adierazi dutenez; hori dela eta, hauteskunde kanpainan lortutako atxikimenduak ondorengo sei urteetan betetzen direla ziurtatzeko jarraipen estua egiten jarraituko du Biziko Hitza Hitz lan batzordeak. H.L.