naiz
Iruñea

Iruñeko haur eskoletako gurasoek udaletxea eta diputazioa lotuko dituzte giza kate baten bitartez

Iruñeko haur eskoletako gurasoek datorren larunbaterako, martxoak 14, giza kate bat deitu dute, udaletxetik diputaziora joanen dena. Gurasoek argi dute, Iruñeko Udalaz gain, nafar Gobernuari ere badagokiola guztion hizkuntza eta hezkuntza eskubideak bermatzea.

Iruñean euskarazko haur eskolen defentsan egindako elkarretaratzea. (Iñigo URIZ / FOKU)
Iruñean euskarazko haur eskolen defentsan egindako elkarretaratzea. (Iñigo URIZ / FOKU)

‘Iruñan haur eskolak euskaraz’ lelopean, mobilizazio berri bat deitu dute Iruñeko haur eskoletako gurasoek larunbaterako. Iragan otsailaren 29an nafar hiriburuan milaka lagun bildu eta gero, oraingoan, giza kate baten bitartez, udaletxea eta diputazioa lotuko dituzte, bai Udala, bai nafar Gobernua interpelatuz euskal hezkuntza eskubideen alde.

Azken hilabeteotan norabide horretan etorri dira euskararen kontrako azken erasoak: NA+k alkatetza duen Iruñeko Udalak, haur eskoletako egungo eskaintza erdira baino gutxiagora murriztuko duela iragarri du, duela lau urte Joseba Asironek bikoiztu zuen eskaintza deuseztatuz eta euskara mantenduko duen bi haur eskoletako batean gaztelera ere txertatuz, murgiltze eredua saihestuz.

Gurasoek argi dute, Iruñeko Udalaz gain, nafar Gobernuari ere badagokiola guztion hizkuntza eskubideak bermatzea, inor bigarren mailako herritar gisa ez tratatzea eta aukera berdintasuna bermatzea. Hori dela-eta, udaletxe plazatik diputazioraino eramanen dute aldarria.

Haur eskoletako aurrematrikulak egiteko epea gainean dela hartu ditu neurri hauek Enrique Mayaren udal taldeak eta erantzunak biderkatu egin dira. Besteak beste, udal haur eskolak euskalduntzearen aldeko 8.450 sinadura erregistratu zituzten Erregistro Ofizialean.

Era berean, osteguneko osoko bilkurak Iruñeko euskaldunen hizkuntza eskubideak murrizten dituen ordenantza behin betiko onartu zuten egun berean, ehunka lagun bildu ziren kalean.