NAIZ
DONOSTIA

Elkar argitaletxeak on line zerbitzua indartu du

Etxean egoteko asteak datoz aurretik eta irakurketa da denbora igarotzeko aukera aproposa. Kultura bezeroei gerturatzeko asmoz, osasun neurriak errespetatuz baina, Elkar argitaletxeak on line zerbitzua indartu du. Bidalketa gastuak doan dira.

Karmele Jaio idazleak Elkar-ekin argitaratu du ‘Aitaren Etxea’. (Marisol RAMIREZ I FOKU
Karmele Jaio idazleak Elkar-ekin argitaratu du ‘Aitaren Etxea’. (Marisol RAMIREZ I FOKU

Kulturan topatuko dugu, ziur asko, egun nahasi eta berezi hauetan sosegu. Ez dira garai errezak baina, halabeharrez, eta ahal den neurrian, modu onenean egokitu beharko dugu. Etxean igarotzeko aste luzeak datoz eta telelanak utziko dizkigun tarteak betetzeko asmatu beharko dira denborapasak, etxeko lanak eta entretenigarriak izango zaizkigun ariketak.

Hortxe, dudarik gabe, kulturak eskaintzen dizkigu hamaika aukera: telebistan filmak eta telesailak eta ohean naiz sofan patxadaz, liburuak. Apalategian ziur asko egongo dira oraindik irakurtzeke dauden aleak, beti pendiente ditugunak eta «aurrerago» heltzeko izenburuak. Beste zenbait «berriro irakurtzeko» modukoak, huts egiten ez dutelako. Baina etengabe nobedadeak kaleratzen ari dira argitaletxeak eta zaila da tentazioari eustea.

Elkar argitaletxeak bere denda fisikoak aldi baterako itxi dituen arren «lankide zein bezeroak» babeste aldera, irakurzaleari erosketak internet bidez egiteko aukera eskaini nahi dio zazpi egunez 24 orduz euskal gizarteari. Ohar bidez iragarri duenez, bere webgunean katalogo osoa dago eskura. Eta, osasun neurriak errespetatuz, internet bidezko zerbitzua indartzeko erabakia hartu du. Horretarko, bidalketa gastuak doakoak izango dira.