Ane URKIRI

Itsaso zabaleko isolamendutik, euskal herritarrei aholkuak

Atlantikoan, Albacora S.A. enpresaren itsasontzian, lanean ari den Andoni Gabantxo arrantzaleak bere esperientziatik gomendioak luzatu dizkie euskal herritarrei, koronabirusa moteltzeko bidean etxean «isolatuta» egotea gomendatu baitu Gobernu espainolak. 29 urte darama itsasoan lanean eta, normalean, lau hilabetez egoten dira familiatik urrun, ontzi batean «isolatuta».

'Albacora quince' ontzia itsas zabalean.
'Albacora quince' ontzia itsas zabalean.

Koronabirusaren gaitzaren hedapena moteltze aldera, Gobernu espainolak neurri zorrotzak hartu ditu eta herritarrei etxean geratzeko aholkua luzatu du. Andoni Gabantxo arrantzale bermeotarrak 29 urte darama itsaso zabalean lanean, alturako itsasontzietan eta ondo daki zer den isolamendua. Normalean, «ezer arrarorik ez bada gertatzen», lau hilabetez egoten dira kanpoan, itsasontzi barruan lankideez bakarrik inguratuta.

Egoera honen aurrean, bera Ozeano Atlantikoan dagoen bitartean, Twitter sare sozialaren bitartez aholku batzuk ematera ausartu da eta berak espero baino hedapen handiagoa izan du. Bere esperientziatik eta distantziatik kontatu du. «Berriak irakurtzerakoan, ikusi nuen jendea paperak galtzen hasi zela, eta ez dut esan nahi komuneko paperak galdu dituela», adierazi dio umorez NAIZi. Uste du komuneko paperaren auzia «sintoma bat baino ez» dela. 

Itsasoan esperientzia izanda, ikusi izan ditu 40 urteko gizonak negarrez beraien seme-alabak ez daudelako berarekin. Egoera zein den ikustean, «pertsona bakar bateri lagundu ahal badio» bere gomendioak zabaldu zituen lau haizetara. 

Lasaitasunez eta pazientziaz

Patxadaz aritzea garrantzitsu iruditzen zaio eta ez dauka argi hainbeste teknologia eskutara edukitzea abantaila den, «askotan inguruan jendea daukazula ere ahaztu dezakezulako». Guztia bere neurrian egitea eskatzen du, baita errutina bat zehaztea ere; hala nola, egiteke zenituen gauza horiek egiteko aprobetxatzea etxean egon behar den denbora hau.

Albokoa ezagutzeko denbora aproposa izan daitekeela adierazten du sare sozialaren bitartez. Esaterako, «beste pertsona batzuekin isolatuta zaudenean beraien erosotasunetik at ezagutzen dituzu pertsonak eta hor ohartzen zara benetan nolakoak diren». «Tristea da –jarraitzen du– baina nire lankide batzuk gehiago ezagutzen ditut nire senitarteko batzuk baino».

Egun, hamairu pertsonekin dabil itsasontzian lanean –Albacora S.A. enpresakoan–. Hiru euskaldun, galiziar bat eta zortzi afrikarrek (Ghana, Senegal, Benin eta Boli Kosta) osatzen dute lantaldea

Errutina eta egitekoak zehaztu

Errutinari dagokionez, errutina ona nabarmendu behar da. Alkohola, drogak edo jana neurri gabe hartzea arriskutsua izan daitekeela dio. Antsietatea izan daiteke norberaren lagun eskasena. Gabantxok bere adibide bat jartzen du, kontu handiz ibiltzeko: «Nik ehun kilo baino gehiago pisatzen dut. Etxean argaldu egiten naiz, baina itsasotzerakoan neurri gabe jaten dut. Nik antsietatea jatekoarekin ordaintzen dut; beste batzuk, aldiz, edatekoarekin eta hori denbora gutxian sumatzen da».

Argitzen du gaur egun gauzak aldatu egin direla alkoholaren aferarekin baina duela urte batzuk alkohol edo droga arazoak ohikoak ziren ontzietan.

Ontzietatik lurreratzerako garaian ere arriskutsua izan ohi da eta hau, etxean geratzeko neurria amaitzen den momentuarekin alderatzen du: «Isolamendua amaitzen denean berriro betiko egunerokora itzuli behar dira; kasu honetan, ez dut uste arazo larririk egongo denik».

Etxeko bakartasunean adrenalina gora badator gomendio argi bat dauka, berak erabili ohi duena. Kubiertara igotzen da –etxean daudenak leihoetara atera daitezke–, «garrasi gogor bat bota eta Pantxo eta Peiok abesten zuten moduan, "Lepoan hartu eta segi aurrera"; ez dago besterik».