Euskal Kostaldeko erietxeak zentralizatu du orain arte koronabirusaren aurkako borroka Ipar Euskal Herrian.
Izan ere, hainbat erakunde pribatuk baita Sos Medecins elkarteak ere luzaturiko deiari so eginez Angelun eta Donibane Lohizunen osasun zerbitzu bereziak plantan emanen dituzte.
Nafarroa Beherean, berriz, Donapaleun gaixoen lehenengo arreta bermatzen duten familia medikuen zerbitzua indartzeko parioa eginen dute.
Helburua argia da, Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin oraindik ere izurriteak oso eragin handirik ez badu izan, lurraldeak bere baliabide guztiak prest nahi ditu plantan eman kutsadura kasuen gorakada iritsiko den unerako.
Donibane Lohizunen, Herriko Etxeak erabilpen anitzeko gelan –kiroldegian– ezarri dute zerbitzu mediku berria. Areto handia izanik, bertan hogei bat gaixo era berean artatzeko aukera izanen da. 42 bat sendagile txandakatuko dira zerbitzua bermatzeko.
Jean-Jacques Benichou medikuak zerbitzu berriaren funtzionamenduari buruz hainbat argipen eman dizkio Mediabask astekariari. «Medikuen kontsultak eta larrialdi zerbitzuak guztiz beteta izanen direnean gure helburua izanen da pazienteen lehenengo ebaluazioa egitea».
Hala, bertan ez dituzte ez testak egingo ezta kasurik larrienak artatuko ere. Hori dela dela herritarrei «zerbitzu honetara beraien kasa ez direla etorri behar» oroitarazi die Benichouk.
Baionako erietxea eta Donibane Lohizuneko klinikaren laguntzaz jardunen dute osasun zerbitzu berri horretan. «Gure lurraldea ez du gehiegi kolpatu koronabirusak, baina denok prestatu behar dugu gure burua egoera gaiztotzen bada gure laguntza behar duten herritarrek zerbitzu egokiak atzeman ditzaten», nabarmendu du medikuak.
Positibo bat Atharratzen
Hain zuzen, Mauleko Herriko Etxeak agiria zabaldu du konfinamendu arauak betetzeko dei eginez. Era berean, Atharratzen kasu bat agertu zela atzo baieztatu du udalak, pertsona hori Paueko erietxean ari direla artatzen gaineratuz.
Parisen, Osasun Ministaritzak, bere aldetik, maskak eta bestelako babes materialen hornidura eta banaketa hobetzeko beharra nabarmendu du. Armada eta Poliziaren eskutik banaketak azkartuko dituzte, ororen gainetik osasun langileen babesa bermatzeko.