EH Bilduk gaixorik dauden presoak eta adinekoak direnak askatzeko galdegin du, koronabirusaren oldarrialdi honetan giro osasuntsuagoetan egon daitezen. Izan ere, gaixotasunak dituzten pertsonek eta edadetuek arrisku handiagoa dute birus honek eurengan kalte handia eragiteko.
Koalizioak nabarmendu duenez, «koronabirusen krisia eragin handia izaten ari da kartzelaratutako pertsonen gainean». «Baimenak galtzen ari dira, moduloetan konfinatuak izaten ari dira, familiarrekin komunikaziorik gabe eta gaixotasuna kartzeletan barreiatzeko arriskupean aurkitzen dira», azaldu du, gaineratuz kartzelako higiene egoera eta osasun baliabideak oso urriak direla.
Ildo honetan, «neurri zorrotzak» hartzea ezinbestekoa ikusten du, birusaren hedapena sahiesteko, eta gogoratzen presoek eurek beren senideei eskatu zietela, kartzelak ixteko neurria hartu aurretik, bidaiarik egin ez zezaten.
Presoen osasuna bermatu
Testuinguru honetan, EH Bilduk uste du kutsatzea saihesteko eskubideak murrizten dituzten neurriez gain Kartzela Erakundeen Idazkaritza Orokorrak «bestelako neurri alternatiboak» hartu behar dituela, «gizarte osoaren osasuna eta zehazkiago presoen osasuna bermatuz eta baita ere euren eskubide penitentziarioak babestuz». «Salbuespen egoera honek ezin du ahalbidetu kaleratze datak luzatzea, irteera baimenak bertan behera uztea eta presoen ibilbide penitentziariak oztopatzea», nabarmendu du indar abertzaleak.
Adierazi duenez, kaleratzeko baimenen eskubidea duten presoak, baldintzapeko askatasuna egikaritzeko eskubidea dutenak edo adin txikiko umeen kargua duten emakumeen kasuetan, «askatasun mugatuan gera daitezke, beharrezkoa diren segurtasun neurriekin eta etxeko konfinamenduan, gainontzeko herritarrak bezala».
Honekin batera, azpimarratzen du osasun krisi honek oraindik gehiago larriagotzen duela gaixotasun larri eta sendaezina duten presoen egoera, eta baita ere 70 urteetatik gorako adina dutenak. Ildo honetan, gogora ekartzen du legeak pertsona hauen kaleratzea aurrikusten duela. Testuinguru honetan, koalizioaren ustez «guztiz lehentasunezkoa da bere askatasuna, kartzelak baino egoera osasungarriagoa duten euren etxeetan egon daitezen, profilaxi eta zaintza baldintza egokietan egon daitezen».
EHBilduk uste du neurri hauek «lagungarriak» izan daitezkeela birusaren hedapena saihesteko kartzeletan eta espetxetako osasun baliabide urriak eta tentsioa arintzeko, presoen errotze familiar eta soziala indartzearekin batera.