Gipuzkoako Aldundiak emandako azken datuen arabera, 9 positibo identifikatu dira Irungo Caser Residencial Anaka egoitzan. Horietako bi Gurutze Gorriko zentro soziosanitarioan ospitaleratu dituzte.
Eider Mendoza foru bozeramaileak adierazi duenez, bi pertsona horien osasun egoera «ahula» da, aurretiazko patologien ondorioz larritutakoa.
Covid-19 birusak kutsatutako egoitzetako adineko pertsonen arretarako egokitu da aipatutako egoitza. 120 plaza ditu, guztira, eta Donostian kokatzen da.
Emandako datuen arabera, 28 dira Gipuzkoako adinekoentzako egoitzetan birusak kutsatutako pertsonak: 14 Irungo Caser Residencial Anaka zentroan, 10 Tolosako Iurramendi egoitzan, 3 Hondarribiko Caser Residencial Betharram zentroan, eta gaixotu bat Eibarko Egogainen.
Desgaitasuna duten pertsonei dagokienez, kaltetutakoen kopuruak bere horretan jarraitzen du: 6 dira Hondarribiko Uliazpin eta bat Donostiako Berriz 1en.
Eider Mendozak adierazitakoaren arabera, «beharrezkoak diren neurri guztiak» ari dira hartzen egoitzetan. Hain zuzen, eta Caser Residencial Anaka zentroari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileen zerbitzuak instalazioen desinfekzioa burutu du, eta espezializatutako enpresa batek gela guztien garbiketa espezifikoan sakonduko du.
Mendozak jakitera eman du beharrezko detekzio froga guztiak egiten ari direla, bai pertsona erabiltzaileen artean, eta baita profesionalen taldean ere. Egoitzak, gainera, «babeserako behar duen material guztia» du eskura, eta lan taldea indartu da «egoera konplexu honi aurre egiten jarraitzeko». Bozeramaileak azpimarratu du zentroko erabiltzaileen «familia guztiak jakinaren gainean daudela».