«Itsasontzi ia gehienek, garrantzitsuenek, bete dute berdelaren kuota guztia. Badago itsasontziren bat koronabirusaren kontu honekin lehenago gelditu behar izan duena eta beraz, gelditzen zaio apur bat, baina orokorrean guztia arrantzatu da», adierazi dio NAIZi Miren Garmendiak, Gipuzkoako arrantzaleen Kofradien Federakuntzako idazkari nagusiak.
Sasoi honetarako %40ko igoera eman zen berdelaren kuotan baina Garmendiaren ustez oraindik ere «kopuru txikiaz» hitz egiten ari gara.
Pasa den asteburuan erabaki zuten Kantauri isurialdeko baxurako ontzi guztiek antxoaren arrantza etetea, gutxienez hiru astez. Jada itsasontzi batzuk hasiak ziren antxoa harrapatzen –behin berdelaren kuota amaituta– baina aho batez hartu dute erabakia. Antxoa euskal kostaldean dago eta pasa den astean galiziarrak, esaterako, Ondarroako portuan zebiltzan deskargatzen.
Merkaturatzerakoan sor daitezkeen arazoengatik kezkatuta erabaki dute etetea, «antxoa arrain oso delikatua baita. Berdela, agian, izoztu dezakezu baina antxoak asko galtzen du».
Gainera, hasiera honetan, tamaina txikiko antxoa arrantzatzen ari ziren eta hau kontserbarako ere eskasa da.
Zaila da jakitea gutxienez hiru astekoa izango den etenaldi honen ondorioak zeintzuk izango diren. «Arraina ez da arrantzaleen zain egoten, mugimenduan dabil», ohartarazi du Garmendiak. Era berean, oroitarazi du iazko kanpainan oso azkar bete zutela kuota. Maiatzean, esaterako, astelehen eta ostiraleko salmentak geldiarazi zituzten, sasoia denboran apur bat luzatu asmoz.
Ondarroan, alturakoen salmentei begira
Ondarroako portuari dagokionez, alturako itsasontzien lehorreratzean maneiatuko diren prezioei begira ari dira –batez ere, legatzaren kasuan–. Momentuz, ez dute pentsatu arrantza modalitate hau etetea baina ondorio nagusiak gaurko salmenten ondotik aterako ditu Ondarroako Ekoizleen Antolakuntzak. Astelehen goiz honetan armadoreekin hainbat bilera egiten dabiltza eta ondoren, Lakuako arrantza zuzendari Leandro Azkue eta baxurako ontzien ordezkariekin biltzekoak dira.
Donibane Lohizuneko portuan, bestalde, astelehen honetan egingo da behin-behineko azken salmenta.