Kontsumobide Euskal Kontsumo Agentziak ohartarazi du hegazkin konpainiek «jarduera eztabaidagarriak» erabiltzen dituztela hegaldiak bertan behera utzi behar dituztenean, koronabirusaren pandemia geldiarazteko ezarritako mugikortasun mugak direla eta.
Hegazkin konpainiek hegaldiak bertan behera utzi behar izaten dituzte, eta hegaldi batzuk, azken unera arte itxaron gabe, aurreratu egiten dira. Enpresek bezeroei bestelako hegaldi edo datak eskaintzen dizkiete, baita bidaiatzeko txartelagatik ordaindutakoa ordezkatzen duen txartelak ere.
Bezeroak konpainiaren eskaintza onartzen badu, «alderdien arteko hitzarmena» itxi da. Honen aurrean ezin du ezer egin Kontsumobidek. Gainera, agentziak ohartarazi du batzuetan aerolineak data aldaketa bat eskaintzen duela, baina horren truke gehigarria eskatzen duela.
Dirua beharrean, txartela
Arazo handiena, ordea, konpainiak dirua itzultzea eskaintzen duenean sortzen da, enpresak ez baitu dirua bere horretan itzultzen, txartel bat baizik.
Jarduera hori «ez da zuzena, emandako informazioa ez baitator bat benetako eskaintzarekin». Kontsumobideren ustetan, enpresak «aldez aurretik adierazi behar zion bidaiariari diruaren itzulketa txartel baten bitartez izango zela, erabakia hartzerakoan datu guztiak izan zitzan».
Bitartekaritza lana
Kasu horietan, Kontsumobide aldeen arteko bitartekaritza egiten saiatuko da lehenik, eta bitartekaritza horrek emaitzarik ematen ez badu, hegazkin enpresen jarduerak kontsumoaren arloko arau-hausteak ekar ditzakeen aztertuko du. Erantzuna baiezkoa bada, «horren arabera» jokatuko du.
Erakunde honek ohar batean gogorarazi du hegaldi bat bertan behera utziz gero konpainiak bidaia txartelaren zenbatekoa itzuli behar duela, baina hori ez dela gertatzen hegaldia ez egitea bezeroaren erabakia izan denean.