Lakuak, patronalak eta sindikatuek bilera izan dute gaur arratsaldean larrialdi egoera honek sortutako egoeraren aurrean hartu beharreko neurriez hitz egiteko eta sindikatuak ez dituzte ase bilera horretan proposatutako neurriek. Eragile guztiak bideokonferentziaz bildu dira baina ez da adostasunik egon, sindikatuek osasun publikoa bermatzea lehentasuntzat jo duten bitartean, Lakuak eta Confebaskek jarduera ekonomikoari ere garrantzia eman diote.
LABek salatu duenez, «Jaurlaritzak ez du bilerara langileen aldeko inolako eraman». Xabier Ugartemendia, ekintza sindikala eta negoziazio kolektiboko arduradunak hartu du parte bilera horretan LABen aldetik eta azaldu duenez, «Lakuak eraman dituen planteamendu guztiak patronalaren aldekoak izan dira. LABetik exijitu dugu, alde batetik langileen osasuna bermatzeko neurriak eta konkretuki oinarrizko jarduerak ez diren guztiak bertan behera uztea, langileak ez kutsatzeko, eta bestetik, oinarrizko jarduerak direnetan langileek segurtasun osoz lan egiteko beharrezkoak diren prebentzio neurriak bermatzea. Eta beste alde batetik langileen enplegua eta lan-baldintzak bermatzeko neurriak», azaldu du ohar batean.
«Gobernu eta patronalaren aldetik ez da inolako erantzunik egon. Neurri guztiak patronalari begirakoak izan dira. Berriro ere Jaurlaritza ahaztu egin da langileez», salatu du eta horregatik, biharko "haserre eguna” inoiz baino beharrezkoagoa da eta langile guztiei dei egiten diegu beraien etxe zein lan-zentroetatik beraien haserrea adieraztera».
ELArentzat, «berandu eta motz»
Mikel Noval eta Pello Igeregi, Batzorde Eragileko kideak izan dira ELAren ordezkariak bilera horretan eta bien aburuz, «erabateko lehentasuna eman behar zaio osasun publikoari, horretarako kutsatze kasuen atzetik joan ordez kontrolpean dagoen egoera batera iritsi behar da lehenbailehen, test azkarrak eginez».
ELAko ordezkariek milaka langilek euren lanpostuetan jasaten duten egoera latza salatu dute, batez ere zahar-etxe, ospitale eta elikagai dendetan. Bestalde, funtsezkoak ez diren jarduerak murriztea omen da, Igaregi eta Novalen ustez, oraintxe bertan osasun publikoari egin ahal zaion mesederik handiena.
ELAren iritziz krisi honek hasieratik argi utzi du «urgentea dela gizarte arloan erabaki berriak hartzea, kaltetutako pertsonak babesteko: enplegua galdu dutenak, lanpostu duin bat berriz izateko luzaro itxaron behar izango dutenak; finean, jendarteko kiderik ahulenak».
Mahaiaren aurreko bileran sindikatu honek esan zuen hau izan behar zela lan-ildo nagusietako bat, baina Lakuak ez du egoera larriaren tamainako erantzunik eman. «Krisi sozialari aurre egiteko asteon hartutako erabakiak berandu datoz, eta gainera oso motz geratuko dira».
Enpresak %50ean
Confebask-ek bilera horretara eramandako datuen arabera, bestalde, euskal enpresak euren jardunaren %50ean ari dira Koronabirusaren erruz eta Lakuari iragarritako neurriak «premiaz eta malgutasunez» hartzeko eskatu dio.
Arantxa Tapia sailburuak, bere partetik, gobernuaren lehentasunak COVID19aren zabalkundea eragoztea eta gizartearen osasun beharrei erantzutea direla nabarmendu du, «baina biharko egunerako prest egotea ere» funtsezkoa omen da.
«Kolpe ekonomikoa oso oldarkorra iaten ari da eta neurri hauek guztiak epe motz eta ertainean erantzun ahal izateko pentsatu eta diseinatuak daude, jarduera ekonomikoa egoerarik onenetan mantendu eta enpleguari ahal den guztia eutsi ahal izateko»