Covid-19aren epidemia Afrikan «garapen dramatikoa» izaten ari dela ohartarazi du kontinente horretarako Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) zuzendariak France 24 katean emandako elkarrizketa batean. Bertan 40 herrialde inguru izan dira kutsatuak azken hilabetean.
«Egoera oso larria da, garapena dramatikoa izatenari baita, geografikoki gero eta zabalkunde handiagoa izaten ari da eta gaixotutakoen kopurua ere gero eta handiagoa da» azaldu du Matshidiso Rebecca Moetik.
Duela hilabete Afrikaren OMEaren esparruan, hau da, Saharaz hegoaldeko Afrika eta Aljerian kutsatutako estatu bakarra zegoen. Bi aste geroago, «bost estatu izan ziren, 50 kasurekin. Orain, bi edo hiru egun beranduago, 39 estatu ditugu eta 300 kasu inguru egunero». Orotara, gaur arte 2234 kasu atzeman dituztela azaldu du.
«Gainera ia 40 heriotzen berri izan dugu eta 70 pertsona inguru osatu dira, beraz, oso kezkagarria da izaten ari den garapena», berretsi du, afrikar estatuei «neurriak zorrotzeko» eskatu dien OMEren lurraldeko arduradunak.
Iturri ofizialetatik AFPk osatutako txostenaren arabera, eguerdian Afrikan 3.300 kasu eta 90etik gora heriotza izan dira.
Susmagarrien isolatzea, kirol edo erlijio taldeak batzea debekatzea edo eskolak ixtea bezalako neurriak hartu diren arren, Matshidiso Rebecca Moetik ulertzera eman duenez, kontinentea ez dago prest krisiari behar bezalako osasun erantzun bat emateko eta «erronka handi bat» du aurrean. «Egia da Afrikako etxe askotan familia ugarietan bizi garela. Sarri oso zaila da bakoitzak bere gela eduki ahal izatea. Komunitatean bizitzea oso errotuta dago. Birusaren hedatzea gelditzeko bestelako higiene neurriak bilatu behar ditugu», azaldu du.
«Birusaren hedapena murritzeko neurriak Afrikako kontestura egokitu behar ditugu eta ura denon eskura egotea babesten dutenekin lan egin».
Baina egindako esfortzu batzuk fruituak ematen ari direla ere nabarmendu nahi izan du. «Orain aste batzuk, bi estatu baino ez ziren gaitza diagnostikatzeko gai eta gaur egun 42 dira halakorik egin dezaketenak».