Akordiorik gabe amaitu da Manuel Castells, Espainiako Unibertsitate ministroak erkidegoetako arduradunekin 2019-2020 kurtsoa amaitzeko era adosteko izandako batzarra eta apirilaren 15ean berriz ere elkartuko dira, egoeraren arabera, hartu beharreko erabakiak hartzeko. Aurrez aurreko eskolak amaitutzat jotzea nahi zuen Espainiako Gobernuko arduradunak baina, akordiorik ezean, unibertsitate bakoitza izango da azken erabakia hartuko duena.
Beste batzuekin batera, Nafarroako Unibertsitate Publikoak hartu du erabakia eta aurreratu duenez, ikasturte honetan ez da aurrez aurreko klase gehiagorik egongo eta kurtsoa era birtualean amaituko da.
Lakuako Gobernuak, aldiz, ez du begi onez ikusten klaseen amaiera, praktiken %50a barkatzea edo kurtsoaren amaiera espainiar Estatuko gainontzeko zentroekin adostu behar izatea.
Adolfo Morais, Lakuako Unibertsitate eta Ikerkuntza sailburuordeak esan duenez, «erabaki hauek ez dituzte Euskadiren konpetentziak errespetatzen, ez eta euskal unibertsitateen autonomia edo Unibasq, Kalitate Agentziaren independentzia ere».
Lasaitasun mezu bat igorri nahi izan du Moraisek eta argitu du euskal unibertsitateak prest daudela bi agertokietan aritzeko –aurrez aurreko klaseak amaitutzat eman behar badira edo berriz ere ekiteko moduan badira– eta garaia heldutakoan hartuko direla hartu beharreko erabakiak.
Bihar bilera
Horretarako, Edurne Uriarte, Hezkuntza kontseilariak, bilera bat izango du bihar bertan bideokonferentziaz Nekane Balluerka (EHU), Jose Maria Guibert (Deustu) eta Bixente Atxa (Mondragon) errektoreekin.
Praktikei dagokionean, uste du COVID-19ak sortutako horren ez ohiko egoera batean ezin dela horren erabaki zurrunik hartu. «Ikasketa bakoitzak bere egoera partikularra du eta kasu batzuetan %50a murrizteak kalterik eragingo ez badu ere, beste askotan behar beharrezkoak dira behar diren konpetentziak barneratzeko».