NAIZ
BILBO

Rockein musika lehiaketak 156 bakarlari eta talderen proposamenak jaso ditu

Bosgarren urtez, Basaurin ospatzen den Rockein jaialdiak parte hartze markak hautsi ditu: momentuz, 156 taldek eman dute izena. Koronabirusak eragin duen egoeraren ondorioz, izen epea emateko epea luzatu egingo dute. Bigarren fase hori alerta egoera amaitzean abiatuko da.

Rockein musika lehiaketak bere parte hartze marka gainditu du, bosgarren urtez jarraian, oraingoz 156 bakarlari eta taldek eman baitute izena. Basauriko Udalak antolatzen du lehiaketa, Arrigorriagako, Galdakaoko eta Laudioko udalen laguntzarekin.

Izena eman duten bakarlari eta talde guztietatik 21ek, gutxienez, taldekideetako bat aipaturiko lau udalerrietako batean erroldatuta dute. Gainera, 18 hautagai daude euskarazko artista onenaren saria irabazteko. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako talde zein bakarlariei zuzenduriko musika lehiaketa da Rockein.

Dena dela, antolatzaileek jakinarazi dutenez, kopuru horiek ez dira behin betikoak. Izan ere, joan den martxoaren 14tik indarrean dagoen alarma egoera amaitzen denean, izena emateko beste epe bat zabalduko dute. Hala, orain arte jasotakoei gehituko zaizkie hautagai berriak.

Jatorrizko epea martxoaren 14tik apirilaren 6ra egongo da zabalik. Salbuespenezko alditzat hartu denez, lehiaketaren zortzigarren edizioan izena eman nahi izan duen artistaren batek eragozpenak izan baditu horretarako, egoera normaltasunera itzultzen denean aukera izango du. Izena emateko bigarren epearen eraginez, ikus-entzuleen saria hautatzeko sareko bozketak epe horren amaierara arte atzeratuko dira, bai eta finalera igaroko diren proposamenak izendatzeko epaimahaiaren erabakia ere.

Finala, atzeratuta

Alarma egoeraren ondorioz eta Covid-19ren hedapena geldiarazteko prebentzio-neurri gisa hartutako beste erabaki bat izan da lehiaketaren finala atzeratzea. Maiatzaren 22an egin behar zen, Basauriko Social Antzokian, eta, behin alarma egoera amaituta, eta baldintza orokorrek erabateko segurtasun bermea eskaintzen dutenean publikoarentzat, artistentzat eta langileentzat, antolakuntzak finalerako data berria iragarriko du.

Sariei dagokienez, talde irabazlearentzat, EP profesional baten grabazioa (gutxienez bost abesti), ekoiztea eta masterizatzea Bilboko El Tigre estudioetan; EParen 500 kopia diseinatzea eta editatzea, CD euskarrian; bideoklip profesional bat grabatzea eta ekoiztea, eta Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea daude (antolatzaileek zehaztuko dute).

Halaber, tokiko talderik onenak aukera izango du Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzeko, eta euskarazko talderik onenak, aldiz, abesti bat grabatu eta ekoizteko, eta Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzeko. Azkenik, Publikoaren saria lortzen duenak ere Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaini ahalko du.