GARA
DONOSTIA

Maskararen erabilera eztabaidan, mila euskal herritar hil direnean

Munduan koronabirusak jota 1,7 milioi pertsona hil diren honetan, Euskal Herria mila heriotzako kopurura hurbildu da asteburu honetan (995, estatistika ofizialetako azken datua). Egun batetik bestera iristen diren datu berriek ez dute hartu beheranzko joera nabarmenik eta langa non egon daitekeen aurreikustea nekeza da.

Ostiraletik larunbatera bitartean 45 hildako gehitu ziren Euskal Herrian, aurreko egunean baino bat gehiago. Nafarroan egun batzuetan igoera moteldu ostean, bederatzi pertsona zendu ziren azken 24 orduetan. Kutsatuen kopuruak bai, behera egin du.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan azken orduetan alderantzizko joera izan da; hildakoen igoera apaldu egin da baina kutsatu gehiago zenbatu dituzte. Dena den, Nekane Murga Osasun sailburuak adierazi zuenez, ospitalean dauden gaixoen kopurua txikitzen ari da. Azken hamar egunetan baino 500 gaixo gutxiago daude.

Ipar Euskal Herrian, bestalde, datu zehatzak lortzeko zailtasunak ahaztu gabe, ez dago nobedade handirik: bi heriotza kasurekin jarraitzen du.

Hildakoen zenbaki hotzak

Baionako ospitaleko datuez mintzatu zen, hain zuzen ere, Euskal Hirigune Elkargoko presidente Jean Rene Etchegaray. Datuak zehazteko eskumenik ez zuela argitu zuen baina, era berean, «oraingoz babestuta» daudela eta hildako gutxi daudela jakinarazi zuen. Baionako ospitaleko zainketa berezietako unitatean 20 pertsona daudela esan zuen.

Ipar Euskal Herriko datuak Pirinio Atlantikoetako datu globalekin nahastuta datozkigu eta, Gobernu frantsesak esandakoaren arabera, martxoaren 31ra arte 14 pertsona hil ziren koronabirusagatik eskualde horretan.

Gobernu frantsesak datuak helarazteko duen modu «ez hain gardenak» eta «moteltasunak» kritika ugari jaso ditu. Gardentasunik ezaren adibide da, esaterako, martxoan arrazoi ezberdinengatik hil diren pertsonen kopurua ematea.

INSEE Estatu frantseseko estatistika institutuaren arabera, Pirinio Atlantikoetan iazko martxoan baino heriotza gutxiago zenbatu dira aurten epe berean –50 gutxiago–. Guztiok begi bistan dugun errealitatea aintzat hartuta, harridura sortzen dute datuok.

Heriotzen zenbateko hotzak alderatzen hasita –aipatzen ari garen kopuruak beldurgarriak baitira– eta aurreko datu bitxiaren alboan, Hego Euskal Herrian ohi baino heriotza gehiago gertatzen ari dira.

Eguneroko heriotza-tasa monitorizatzeko estatuko sistemak aurreikuspen batzuk egiten ditu herrialdeka eta Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan espero baino 900 pertsona gehiago hil dira martxoaren 22tik apirilaren 6ra bitartean.

Maskarak eta adituen hitzak

Esan bezala, Gobernu frantsesak gardentasun faltagatik jaso ditu kritikak, eta Gasteizko Gobernuak, berriz, Madrilgo Exekutiboa kritikatu du maskarak direla-eta. Lakuako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak adierazi zuen «oso kezkatuta» daudela Estatu espainoletik datozen irizpideak argiak ez direlako. Horrekin batera, azken hilabete honetan EAEren «autohornikuntza oztopatu» duela aurpegiratu dio.

Estatu espainolak iragarri duenez, segurtasun-indarrek hamar milioi maskara banatuko dituzte bihartik aurrera, «distantzia soziala mantentzea zailagoa den garraio-sistemetan lanera doazenei bakarrik»; hau da, tren, metro eta autobus erabiltzaileei.

Banaketa non eta nola egingo den argitu gabe dago, eta Lakuako gobernuaren iritziz, soilik garraio publikoaren erabiltzaileei maskarak banatzeko irizpide hori «diskriminatzailea» da.

Maskaren erabilerari buruz, koronabirus gaitza gogotik sufritu duen Wuhan hiriko adituek ohartarazi dute maskararik erabili ezean oso zaila izango dela Covid-19aren hedapena geldiaraztea. Ezinbestekotzat jo dute.

Wang Xinghuan medikuak dioenez, herritarren artean maskarak erabiltzea «babesteko neurri zientifikoa» da, eta medikuen artean kutsatzea saihesteko ere balio du.

Wangek azaldu zuen gaixotasunaren hedapena geldiarazteko ezartzen diren koarentenek zorrotzak izan behar dutela, Wuhanen abian jarritakoa bezalakoak. Bere hitzetan, «etxean borondatez geratzeko» gomendioek ez dute funtzionatzen.

Koarentena neurriek gogorrak izan behar dutela adierazteaz gain, Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi zuen koarentenako neurrien altxatzeak «gradualki eta modu kontrolatuan» egin behar direla. Hala izan ezean, birusaren hedapena berrindartu daitekeelako.

Italia duela hamar bat egunetik beheranzko joeran dagoela dirudi. Dinamika horri eusteko, Giuseppe Conte lehen ministroak erabaki du oinarrizkoak ez diren jardueren geldialdia maiatzaren 3ra arte luzatzea.

Hego Euskal Herriko langileak, eta Estatu espainolekoak oro har, astearte honetan itzuliko dira lantegietara.