Bihar milaka langilek lanera itzuli behar izango dute eta erabaki hori gogor kritikatu du Arnaldo Otegik hedabideetara igorritako bideo batean. EH Bilduko idazkari nagusiak Confebask eta CEOE egin ditu neurri honen erantzule nagusi, «baina baita Urkullu, Chivite eta Espainiako Estatuan Sanchez presidentea ere. Herritarrei exijentzia bat egin diete hauek etengabean: arduraz jokatzeko. Eta gure galdera da: ardura berdinarekin jokatzen ari al dira beraiek? Zalantzak ditugu», adierazi du.
Zientzialariek eta Osasunaren Mundu Erakundeak esandakoari jarraiki, EH Bilduk lehen unetik osatutako eta defendatutako planaren egokitasuna nabarmendu du Otegik eta EAE, Nafarroa eta Madrilgo gobernuek hartutako erabakiak zalantzan jarri ditu. «Gure ustez, Urkulluk, Chivitek eta Sanchezek ez dute arduraz jokatu, etxeko lanak ez dituztelako egin: ez dago maskararik, ez dago EPIrik (Norbere Babeserako Ekiporik), ez dago testik, ez dakigu zenbat herritar dauden kutsaturik, zenbat diren asintomatikoak, zenbat dauden gaixorik, ez dago jarraipena egiteko aplikaziorik, ez dago estrategia komunitariorik... Hori guztia eduki gabe urrats hau eman da».
Horregatik guztiagatik, industria eta eraikuntza jarduna berrekitearen erabakia hartu dutenei galdera zehatz bat luzatu die EH Bilduk. «Bihar lanera joango diren milaka euskal langileei eta beraien sendiei begietara begiratuta ziurtatu dezakezue beraien osasuna bermatua dagoela? Guk uste dugu ezetz».
Diagnostikoan oker egon nahiko lukeen arren, Otegiren arabera, «honelako neurriek eta erabakiek gure osasuna eta gure ekonomia arriskuan jartzen dute. Badago gauza bat konfinamendua baino txarragoa dena: bigarren konfinamendu bat egotea. Hori kolpe latza izango litzateke osasunarentzat eta ekonomiarentzat. Komunitate zientifikoak esaten du hori gertatzeko arrisku latza dagoela. Beraz, neurri hau arduragabea eta ausarkeria hutsa da, gure ustez. Ez langileak etxean nahi ditugulako, baizik eta ez gaudelako prest urrats hau emateko».