NAIZ

Zortzi lagun gehiago hil dira Gipuzkoako zahar etxeetan; zazpi, aldiz, Arabakoetan

Zahar etxeetako egoerak benetan larria izaten jarraitzen du. Hala erakusten dute Araba eta Gipuzkoako foru aldundien azken datuek. Zortzi lagun gehiago hil dira Gipuzkoako egoitzetan, eta zazpi gehiago Arabakoetan.

Altzako Berra egoitzan testak egin dizkiete egoiliar zein langile guztiei. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Altzako Berra egoitzan testak egin dizkiete egoiliar zein langile guztiei. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Zortzi lagun hil dira, hamarrek eman dute positibo Covid-19aren birusean eta pertsona bat sendatu da; horiek Gipuzkoako adinekoen egoitzetako azken datuak, Foru Aldundiak eman dituenak. Egoera larriari aurre egiteko, sarea osatzen duten 65 egoitzetako egoiliar eta langileei frogak egiten ari da Osakidetza, test azkarrak eta PCRak bateratuz.

Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi duenez, 5.425 pertsona zaintzen dituzten sare honetan, gaur arte 26 lagunek gainditu dute gaixotasuna, azkenak Zarauzko Santa Ana egoitzan; aldiz, 99 pertsona hil dira eta 302k kutsaturik segitzen dute.

Azken heriotzak Arrasateko Iturbiden (hiru), Donostiako Berran (bat), Ordiziako San Josen (bi) eta Zumarragako Argixaon (bi) gertatu dira. 16 dira oraindik ere birusak eragindako zentroak Gipuzkoan, 33 lagun Donostiako Gurutze Gorriaren zentroan daude eta 36 ospitalean.

Mendozak azaldu du Osakidetzarekin lurraldeko adineko pertsonen egoitzetan «mapatze zehatz» bat egiten ari direla, «birusak eragindako pertsona kopuru zehatza ezagutzeko helburuarekin, egoiliarrena zein langileena, sintomatikoak edo asintomatikoak izanda ere, kutsatze arrisku maila identifikatzeko eta momentu bakoitzean hartu beharreko neurriak zehazteko».

Araban, orotara 114 hildako

Arabako Foru Aldundiak azaldu duenez, zazpi egoiliar gehiago zendu dira zahar etxeetan koronabirusarekin; hortaz, guztira 114 dira osasun krisi honen eraginez egoitzetan hil direnak. Datuok larunbata artekoak direla argitu du Aldundiak. Zehaztu du zazpi heriotzetatik bi erietxean gertatu zirela eta gainontzekoak, egoitzetan bertan.

Gaur egun 388 lagun daude kutsatuta eta horietatik 27 ospitalean daude. 231 zentro pribatuetakoak dira, 149 Aldundiaren egoitzetakoak eta zortzi udalen zentroetakoak.

Buruko nahasmenduak dituzten pertsonentzat egokitutako etxe batean bizi zen kide baten heriotzaren berri ere eman du Aldundiak. 61 urte zituen eta aurretik eritasun batzuk zituen. Zentro horietan 37 positibo atzeman dituzte denera eta bost lagun eraman dituzte erietxera.