«Deskarga handirik gabe» eta «prezio baxuan salduta» bukatu zen atzo antxoaren kanpainako lehen eguna. Hilabeteko etenaldiaren ondoren, baxurako ontziek antxoaren kostera berrabiatu zuten astelehenean baina martxoan pasatu zen legez, tamaina txikiko antxoarekin porturatu ziren.
Astearte honetan antxoa handiagoaren bila abiatu dira. Batzuk Bordeleko kostalderantz egin dute. Gipuzkoako Kofradien Federakuntzako idazkari Miren Garmendiak adierazi du gaurko jarduna nola joaten den adi jarraitzen dabiltzala baina oraindik ez dutela informazio handirik.
Martxoan, berdelaren kuotarekin amaitzen joan ziren heinean, antxoarekin hasi ziren baina koronabirusaren krisia eta tamaina txikiko antxoa arrantzatzen zutela ohartuta, kanpaina etetea erabaki zuten apirilean berhartzean, prezioak mantendu asmoz.
Atzo izan zen lehen jardunaldia eta mendebalderantz abiatu ziren Bizkai eta Gipuzkoako baxurako ontziak. 44 baxurako ontzi daude.
Kontserba-fabriketan lantzeko antxoa txikiegia arrantzatu zuten. Lehenengo deskargetan prezioa zerbait mantendu bazen ere, orduak pasa ahala eta antxoa gehiago porturatu ahala, prezioak beherantz joan ziren. Azkeneko deskargetan, kiloa 30 zentimo inguruan ibili zen.
Arazo horri erreparatu dio Miren Garmendiak, NAIZ Irratian azaldu bezala. Atzo harrapatutako antxoa «ondo zegoen freskoan saltzeko baina ez kontserbetarako». Koronabirusaren osasun krisiak ostalaritzako sektorea guztiz itxi du eta, egun, merkatu handiena kontserbetara zuzendurikoa da. Garmendiaren ustez honek eragin du lehen eguneko prezioen murrizketa.
Kontserberek alarma egoera honetan izan ditzaketen zailtasunei ere begiratu dio Garmendiak. Antxoa manipulatzeko jendea kontratatzerako orduan eduki ohi duten gaitasuna izango ote duten kezkatzen dio. Hala, portuetan saldu ezin dena, kongelatzera bideratuko dutela aurreratu du idazkariak.
Errentagarritasuna helburu
Prezioak mantentzea da kofradia eta arrantzaleen helburua. Kofradien artean batzorde bat ere eratu da hau kontrolatzeko eta baita segurtasun neurriak bermatzen direla ziurtatzeko.
Prezio minimoak ezarri dituztela ere zehaztu du eta beharbada erabiltzen hasi beharko direlakoan da. 2018an Europar Batasunak bertan behera utzi zuen neurri hau baina aurten Gipuzkoako kofradietan berreskuratu dutela jakinarazi du, produktuari errentagarritasuna bilatze aldera.
Batzordearen lehenengo adostasuna hasi aurretik heldu zen. Itsasontzi bakoitzaren eguneko kuota murriztea erabaki zuten honek prezioa mantenduko duelakoan. Egunean 6.000 kilo arrantzatu dezakete ontzi handienek –orain arte 10.000 kilo zen eguneko kuota– eta txikienek, 4.400 kilo.
Astelehenean, kanpainako lehen egunean, ez ziren heldu kuota hori betetzera.
Deskarga handienak Santoñan (Kantabria), Ondarroa, Bermeo, Getaria eta Pasaian egin ziren.
Asteburura arte itsasontzian
Arrantzaleen osasunari erreparatuta, lehenengo jardunaldia egoki joan dela azaldu du Garmendiak NAIZ Irratian. Segurtasun protokoloa errespetatzen dabiltzala nabarmendu du eta zehaztu du astearte honetan bi pertsonei egin zaiela koronabirusaren testak, «arriskua» ikusita. Bermatu nahi izan dute ondo daudela. Hauek lehorrean geratu dira emaitzen zain.
Arrantzale gehienak itsasontzitik atera gabe egongo direla ziurtatu du. Deskargak egin behar dituztenak jaitsiko dira portura baina «asteburura arte ez da inor bere etxera joango».