naiz

Jose Luis Zumeta margolaria zendu da, 81 urte zituela

Jose Luis Zumeta margolari usurbildarra hilik aurkitu dute eguerdian bere etxean. 81 urte zituela zendu da, kolore biziz marraztutako ibilbide oparo bat eta gero.

Jose Luis Zumeta margolari usurbildarra zendu da. (Jon URBE / FOKU)
Jose Luis Zumeta margolari usurbildarra zendu da. (Jon URBE / FOKU)

Jose Luis Zumeta margolari usurbildarra zendu egin da, 81 urte zituela. NAIZek jakin ahal izan duenez, bere alabak topatu du hilik, Gros auzoan zuen etxean. Atzoko bazkaria jaso ez zuela ikustean bertaratu da eta gorpua aurkitu du. Gipuzkoarraren lanak iruditeria kolektiboaren parte dira.

Zumetak informalismoa, espresionismo abstraktua eta arte figuratiboa ere landu ditu ibilbide luze eta oparo batean. Abstrakzioaren bidetik jarraitu du azken urteetan, betiere bere lanean ohikoak diren kolore deigarriak erabiliz eta formatu handiko lanei aparteko garrantzia emanez. 

Gaur taldearen sortzaile, Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Remigio Mendiburu, Nestor Basterretxea, Rafael Ruiz Balerdi, Amable Arias eta Sistiagarekin batera, gero Ez Dok Amairun eta kultura asteetan, frankismoaren biktimeei egindako omenaldietan edo ‘Nueva Etiopía’ liburu-diskoan parte hartu izanak, bestalde, gizartetik zetozkion zantzuen adi egon izan dela adierazten du.

Zentzu horretan, GARAri bidegabez egotzitako zorrari aurre egiteko, artearen bitartez gauzatutako elkartasunezko ARTEAGARA ekimenean ere parte hartu zuen, espresuki serigrafia bat eginez. «Laguntzeko parte hartu dut ekimen honetan, gainontzeko kideek bezala. Horrelako gauzak egiten ditut normalean. Serigrafian bi figura, bi aurpegi, ikusten dira. Oso desberdinak bata eta bestea, kontraesana dutenak», nabarmendu zuen orduan. Urte gutxi batzuk lehenago, 500 euskal preso eta artistekin batera, ‘Ametsen liburua’ lanean ere egin zuen bere ekarpena.

Gráficas Valverde lantegian hasi zen marrazkilari (1953-1958), eta lantegi hartan, Donostiako Arte eta Lanbide Eskolan eta Gipuzkoako Artisten Elkartean eman zituen marrazkigintzako eta pinturako lehen urratsak.

Parisen, Rafael Ruiz Balerdirekin bizi izan zen garaian, Ameriketako abstrakzioa eta Europako abangoardiako joerak ezagutu zituen. Parisen ezagutu zituen hurbilagotik Mantegna, Rembrandt eta beste zenbait klasikoren obrak. 60ko hamarkadan, Euskal Herrira itzultzean, hasi zen espresionismoa lantzen.

80ko hamarkadan egindako ‘Papiroak’ sailak ere markatu zuen bere ibilbidea. Ahalik eta bizkorren margotzearren, tenperaz eta enbalatzeko kartoietan egiten zituen koadro hauek.

Etengabe jarraitu du sorkuntzan. Eta azken urteetan, Euskal Herriko negu gogorretatik ihesi, Argentinara ihes egin du hainbatetan. Bertako eguzki, argi eta beroan indarrak berrituz.

Tailerreko artista

Usurbildarrak «tailerreko artistatzat» zuen bere burua. «Gaur egun ez dira ikusten artistak kalean margotzen. Argazkilaritzarekin, sortzeko modua asko aldatu da», adierazi zuen eta horren xarmaren falta sumatzen zuela aitortu zuen udan Donostian jarri zuen erakusketaren harira GARAn argitaratutako erreportajean.

Zumetatarren lantoki kuttuna Usurbilgo Txikierdi auzoan aurkitzen da, errepide nagusitik aldapan gora joanda. Hiru kubok osatzen dute Uxoa Zumetaren serigrafia tailerra, Jose Luis Zumeta margolariaren estudioa eta goialdean prestatu duten galeria. Aitaren aspaldiko proiektua zen hau eta Uxoa alabak gauzatu zuen.