GARA
DONOSTIA

Kolorearen maisuak bihotzak zuri-beltz utzi ditu

Argiaren abiadan heldu ziren hitzak, gogoetak, Jose Luis Zumetaren heriotza baieztatu bezain pronto. Kulturgintzak ez ezik, politikagintzak sare sozialetan topatu zuen doluminak agertzeko lekua eta, nola ez, baita ere herriak. Denak bat. Maitatua eta mirestua. Telefonoaren beste aldean, maisuarekin denbora eta espazioa konpartitu zuten batzuk.

Hitzak ezin topatu zebilen Juan Gorriti laguna, zorigaitzeko albistea jakin berritan. «Burutik eta bihotzetik uneotan zer pasatzen den adieraztea benetan zaila suertatzen zait. Berriak barrua kolpatu dit», zioen.

Erreferente baino gehiago, Zumeta eta bere obra mugarri izan direla goraipatu zuen: «niretzat maisu bat izan da, maisu handi bat. Eta gehiago esango nuke, maisu guztien maisua zen. Euskal Herriko historian izan dugun handienetakoa izan da, margolari bezala, pertsona bezala, errepikaezina».

«Eman du bere kolorearekin maitasuna, askatasuna, alaitasuna… Jose Luisek koloreak sentitzen zituen», adierazi zuen hain bereizgarria zuen kolore gamaz, maitasunez oroituz elkarrekin pasatako «rato onak». «Asko ikasi nuen bere alboan, margotzen. Asko animatzen ninduen», aitortu zuen.

Azken berrogei urteetan, han-hemenka egin du topo Koldobika Jauregik Zumetarekin. Baina, ezagutu aurretik ere, nolabait, ezagutzen zuen: haurtzaroan, Gros auzoan berak egindako erliebean aritzen zen jolasean. «Bere sormen kabia hemen zuen, eta horri egin zion aurre. Eta hor dago, Laboaren portadetan adibidez. Lan asko egin du arlo politikoan, sozialean, festetan, eskoletan… denetarik margotu izan du, denetan lagundu izan du, eta hori hor geratzen da».

Bere mundua ulertzeko erak baserritarrekin zerikusi handia duela uste du Jauregik, «agian horregatik ez da artista famatua izan, horretarako beste pasta batekoa behar delako izan». Batzuek margolari «ezkertiar tocapelotas» bat bezala oroituko dutela uste du, beste batzuek «izan den artista handia» bezala, «baina ez dakit zenbateraino erakutsi den bere balioa, herri honetan nahikoa baita bertakoa izatea ezer ez izateko. Joan liburu-denda batera eta ea Zumetaren zer liburu duten… museoetan ere, noizko bere atzerabegirakoa? Herri aberats honetan inork pentsatu du halakorik? Gure historiaren zati handi bat horrela ari da galtzen».

Lan isila

Denboran atzera egiten du Juantxo Egaña argazkilariak, 80ko hamarkadan ezagutu baitzuen Zumeta. Geroztik, bizitzak behin baino gehiagotan gurutzatu ditu bien bideak, eta maiz jarri da margolaria bere kameraren aurrean. «Beti finko begiratzen zuen, baina lasaitasunez, serenitate handia helarazten zuen. Eta horrek asko laguntzen zuen lan egiteko», gogoratzen du.

«Oinak lurrean zituen, pertsona naturala eta elegantea zen formetan. Lan isila egiten zuen». Lan kontuak tarteko bat egin zuten azken aldiz GARA egunkariaren #ArteaGARA ekimenean. «Badirudi pertsona batzuk betiko egongo direla, eta egia zera da, bizitzak epe batzuk dituela. Berekin garai bat amaitzen da, dudarik gabe herri honentzat mugarri izan zen aro bat, kulturan zein artean». Nazioartean izan zuen proiekzioa ere aipatu zuen, uste du erakundeek hori ere aitortu beharko lioketela.

Irantzu Lekue artistak aipatu ekimenean ezagutu zuen margolaria. «Artista konprometitua» goraipatu zuen. «Berak utzitako aztarna koloretsua oroituko dut beti. Eredu bat joan zaigu, errealitate hurbila eraldatzen maisua izan den pertsona».