NAIZ

‘Joko bat’ bideosinglea aurkeztu du Xatiro rap-kantari bilbotarrak

Xatiro rap-abeslariak ‘Joko bat’ bideosinglea aurkeztu berri du sareetan, funky eta dance erritmoz blai datorren kantua. Errima zorrotzak eta hainbat erreferentzia elkarren artean josiz osatu du rap-kantari bilbotarrak sorkuntza berri hau.

Xatiro rap-abeslariak bere azken proposamena, ‘Joko bat’, aurkeztu berri du sareetan. Bideosingle formatuan kaleratu duen abesti honetan, dance eta funky erritmoak uztartzen ditu abeslari bilbotarrak eta hainbat autoreri egiten die erreferentzia, besteren artean Revolta Permanent, Gabriel Aresti eta Natxo de Feliperi (Oskorri) edota nazioarteko hainbat autoreri, tartean, Lauren Hill. Bestelko erreferentziak ere badarabiltza kantariak, tartean Asterix eta Obelix edota Dracula, eta kritika sozial eta politikoari ere irekitzen dio bidea, ‘Cabacas’ auziari edota Altsasuri aipamena eginez, betiere rapean ohikoak diren errima zorrotzak eta hitz jokoak erabilita.

Bideoklipa Xatirok berak sortu du egunotan bere etxean. Animaziozko bideo-lan bat osatu du, bere burua (untxiz mozorrotuta) espazioko eszenatoki batean agertaraziz. Hala, ikus-entzunelari espazioan zehar bidaiatzea proposatzen dio Xatirok, meteoritoz eta erreferentzia kulturalez gainezka dagoen unibertsoa aurkeztuz. Bideosinglea sareetan eskegi du.

Xatiro (Unai Unda) Bilbon sortutako rap-abeslaria da. Lehen diskoa, ‘Xatirokeriak’ (autoezkoizpena), 2016an argitaratu zuen eta iaz kaleratu zuen bigarren lana, ‘Cassiopeia’ (DeepSoda).