Igande honetan, Lakuako Gobernuak a eman eta haurrak kalera atera ziren lehenengo egunean, EAEn 367 salaketa jarri zituzten Ertzaintzak eta Udaltzaingoak alarma egoeragatik ezarritako neurriak urratzeagatik. Aste bat atzerago, hilaren 19an, 89 salaketa gutxiago jarri zituzten (456), guraso eta haurrak kalera ateratzeko baimenik ez zeukatenean.
Nafarroako Foru Poliziak, modu berean, atzo jakitera eman zuen konfinamendua hasi zenetik behera egin duela salaketa kopuruak. Lehenengo astean, eguneko 126 salaketa jarri zituzten bataz beste; aurrekoan, aldiz, eguneko 63.
Haurren irteera mugatuek, beraz, ez dute eragin salaketa eta isunen gorakadarik Hego Euskal Herrian; kontrara, zehapenek behera egin dute.
Lurraldeka, Bizkaian ezarri ziren atzo zehapen gehien, 216 isunekin eta bi atxiloketarekin, Ertzaintzaren eta udaltzainen datu bateratuak kontuan hartuta. Bestalde, Arabak 50 zehapen jaso zituen eta Gipuzkoak 101 isun.
Herritarrak «portatu dira»
Nekane Murga Lakuako Osasun sailburuak adierazi du herritarrek, orokorrean, «neurriak bete» dituztela haurrekin lehenbizikoz kalera ateratzean, eta gurasoak seme-alabei «distantzia neurrien garrantzia» irakasten ari direla.
Murgak berretsi du «beharrezkoa» umeak kalera atzeratzea, eta onartu duen arren zenbait irudik erakutsi dutela «toki konkretu» batzuetan ez direla distantzia neurriak bete, «balorazio orokorra da herritarrak portatu direla».
Azpimarratu du, halaber, osasunaren ikuspuntutik haurren irteera «ona» dela, eta gurasoei dei egin die seme-alabei higiene edo distantziari dagokien neurriak irakasten segitzeko.