NAIZ
GASTEIZ

Gasteizko eraztun berdeko parkeetan zentzu bakarrean ibili ahal izango dute herritarrek

Gasteizko Udalak iragarri duenez, koronabirusak sortutako pandemiak irauten duen salbuespen aldian, eraztun berdeko parkeetan zentzu bakarrean ibili ahal izango da.

Zabalganako parkea. (Raul BOGAJO/FOKU)
Zabalganako parkea. (Raul BOGAJO/FOKU)

Bihartik aurrera gasteiztarrok atera ahalko dira kalera ibiltzera eta kirola egitera. Baina zenbait neurri bete beharko dituzte.

Udalak iragarri duenez, koronabirusak sortutako pandemiak irauten duen salbuespen aldian, eraztun berdeko parkeetan zentzu bakarrean ibili ahal izango da.

Eraztun Berdeko parkeak erabiltzeko azalpen-planoak zabaldu ditu, eta datozen egunetan zabalduko ditu, distantzia sozialari eta osasunari buruzko gomendioak zainduz.

Salburua, Zabalgana, Armentia, Olarizu eta Gamarra dira aldi baterako planoetan jasotzen diren lehen bost parkeak, eta beste parke batzuetakoak gehituko zaizkie.

Kontzejuei dagokionez, Aleak adierazi duenez, neurriak ezberdinak izango dira Gasteizko hiri-bilbearen barruko eta kanpoko herrietan.

Hala, Abetxuko, Ali, Aretxabaleta, Arkaute, Armentia, Betoño, Elorriaga, Gamarra Nagusia edo Gardelegin kirola eta ibilaldiak egin ahalko dira hiri osorako finkatutako ordutegietan eta adin-taldeetan.

Baratzei dagokionez, partzela eta egun bakoitzeko pertsona bat sartu ahal izango da baratze komunitarioen ekipamendura, interakzio soziala saihesteko; nolanahi ere, gutxienez bi metroko distantziara egongo da.

Gainera, gehienez ere lau orduz egon daiteke baratzean. Lanabesen etxola irekita egongo da, baina sarrera banan-banan izango da. Gainerako erabiltzaileek kanpoan itxarongo dute, segurtasun-distantziak errespetatuz.

Pertsona bakoitza, materiala erabiltzen duen bakoitzean, heldulekua garbitzeaz arduratuko da eta, horretarako, propio eraman beharko dituen zapi eta produktu desinfektatzaileak erabiliko ditu. Lan horretarako toki bat atonduko da hustubidetik gertu, ur eta lixiba disoluzioarekin garbitzeko, lurra edo ura kutsatu gabe.