Patxi GAZTELUMENDI
LARRABETZU

Bizkargi Egun berezia ospatu da, mendian bezala inguruko herrietan

Frankismo garaian eta osteko ilegalizazio ere sarritan izan dira Bizkargi Eguna oztopatzeko saioak, eta aurten koronabirusaren krisiak ere ez du eten 37ko gudariak eta Euskala Herriaren alde hildakoak gogoratzeko ekimen berezia. Jende gutxi mendian, baina ekimen ugari inguruko herrietan.

Gazteak, goizean goiz Bizkargi gainean. (Patxi GAZTELUMENDI)
Gazteak, goizean goiz Bizkargi gainean. (Patxi GAZTELUMENDI)

Goizeko 8.00etarako mendi tontorrera heldu dira lehenengo mendizaleak, Bizkargi inguruko herrietatik. Zornotzakoek berehala buelta egin behar izan dute, banaka edo bikoteka, neurriak hartuta, goizeko 10.00etara bitarteko muga baitute 5.000 biztanletik gorako herrietako biztanleek.

Larrabetzu edo Morgakoen joan-etorria lasaiagoa izan da, neurtua eta tantaka agertzen ziren mendizaleak urteroko zitara.

Bertso saioa sarean eta bafleetatik

Errigoititik aritu da bertsotan Xabier Arriaga ‘Txiplas’, Bizkaiganeko behiak entzule eta lagun zituela.

Onintza Enbeitak suaren epeletik bota ditu bere bertsoak Muxikako baserritik, Ander Aldazabal zornotzarrak eta Etxahun Lekue larrabetzuarrak nork bere etxetik bota ditu saio berezi honetako aleak.


Youtuben zuzenean jarraitu zitekeen, eta Larrabetzun auzoz auzo bafle sare bat antolatu da balkoietatik. Auzo guztietan entzuteko parada egon da, eta batzuk plazan bertan jarraitu dute bertso saioa.

Egun berezia izaten da Bizkargikoa inguruko herrietako jendearentzat, gaur are biziagoa izan da. 

Ernai gazte erakundeak mezu berezia eta bideo bat landu ditu aurtengo Bizkargi Egunerako. «Badakigu nondik gatozen. Ez gara kasualitatez honaino iritsi. Aurtengo Bizkargi Egunean ere eusko gudariak oroitzea eta omentzea dagokigu. Borrokaren memoria izango gara. Memoria borrokan idatziko dugu» adierazi dute sareetan.

Goizean goiz, gazte talde bat tontorrean aritu da kantuan eta irudiak hartzen, egunean zehar gazteen artean hedatzeko.

Hitzaldia eta erromeria



Arratsalderako ere egitaraua prest dute Bizkargi Eguneko antolatzaileek. ‘Bizkargi eta memoria’ izeneko solasaldia izango da Larrabetzuko Hori Bai gaztetxeko kanalean, Ainhoa Larrabe historialaria eta herriko memoria historikoan lanean ari den kidearekin.

Ostean, erromeria balkoietatik izango da, eta etxeetan urteroko ohitura den taloa egingo dute ausartenek.

Sare sozialetan, argazki eta bideoak ugari hedatzen ari dira egun osoan zehar, eta Larrabetzu eta Zornotzako leiho eta balkoietan Bizkargi gogoratzeko kartelak eta ikurriñak ikusteko parada egon da.


Ikurriña Larrabetzuko udaletxean. (Idoia ANDRES)