naiz
Hendaia

Preso eta iheslarien eskubideen aldeko Hendaiako Futbol 7 txapelketa, laguntza bilketan

Koronabirusak eragindako osasun krisiak ekimen txiki zein handiak bertan behera uztera behartu du. Horietako bat da, urtero-urtero, udaberrian egin ohi den euskal preso politiko eta iheslarien eskubideen aldeko Hendaiako futbol 7 txapelketa. Horren aurrean, dirua biltzeko crowfunding bat abiatu dute.

Hendaiako futbol 7 txapelketa, bertan behera koronabirusaren ondorioz.
Hendaiako futbol 7 txapelketa, bertan behera koronabirusaren ondorioz.

Koronabirusak parentesi bat eragin du ohituta geunden bizitza horretan. Tarte horretan, bertan behera utzi ditu ibilbide luze zein motzeko ekimen andana. Baina gizartearen aldarrikapenak ez dira parentesian sartu. Hori dela-eta, urtero Hendaian egin ohi den preso eta iheslarien eskubideen aldeko futbol 7 txapelketak crowfunding bat abiatu du. «Une berezi hauetan, beraien eta beraien familien beharrak ez dira gelditzen», azaldu dute ohar baten bidez.

17. edizioa prestatuta zuten ekainaren 13rako. Urtero legez, Euskal Herriko txoko askotako 50 talde eta 600 lagun inguru biltzeko asmoa zuten. Futbola, bazkari herrikoia eta musika izan ohi dira eguneko menua, dena jai giroan. «Aurten, ezin izango dugu hau guztia egin, baina ez dezagun ahantzi zertarako bertaratzen garen: preso eta iheslariak laguntzeko».

Bertan biltzen duten dirua errepresaliatu politikoak eta haien senideak laguntzeko bideratzen dute. «Ipar Euskal Herrian biltzen den diruaren zati handienetako bat ekitaldi honek biltzen du», azpimarratu dute.

Beraz, aurten txapelketa antolatzeko ezinaren aurrean, diru-bilketa abiatu dute. Esteka honen bitartez, edonork egin dezake bere ekarpena. «Izugarri eskertuko dugu preso eta iheslarientzat eman dezakezun edozein laguntza, izan diruz ala mezu hau zabaltzen».