NAIZ

Hezkuntza Sailaren «inprobisazioa eta arduragabekeria» gaitzetsi dute sindikatuek

Lakuako Gobernuko Hezkuntza Saila sektoreko sindikatuekin batu da asteazken honetan, ikasgeletarako itzulera eztabaidatu eta zerbait zehazteko asmotan. Langileen ordezkarien ustez bilera hau «protokolo hutsa» izan da eta iritzi dute agerian geratu dela Lakuaren «inprobisazioa eta arduragabekeria».

Gasteizko Mendebaldea institutuko sarrera. (Endika PORTILLO / FOKU)
Gasteizko Mendebaldea institutuko sarrera. (Endika PORTILLO / FOKU)

Martxoaren 18an DBHko 4. mailako, 2. Batxilergoko eta Lanbide Heziketako irakasle eta ikasleak ikasgeletara itzultzeko asmoa erakutsi zuen Lakuak. Zalaparta eragin zuen neurri honek eta sindikatuek ohartarazi zuten ez zegoela segurtasun bermerik aurrez aurreko klaseekin hasteko.

Langileen ordezkariek aldebiko bilera eskatu zioten Lakuari, hasierako erabaki hura aldebakarrekoa izan zela leporatuz. Azken egunotan Gasteizko Gobernuak ikastetxe bakoitzaren esku utzi du –bakoitzaren azpiegiturak eta gaitasunak baloratuta– ikasgeletarako itzulera.

Asteazken honetan eman da aldebiko bilera baina sindikatuen ustetan «protokolo hutsa» izan da. Gainera, iritzi du agerian geratu dela Hezkuntza Sailaren «inprobisazioa eta arduragabekeria». Segurtasuna bermeak ematen ez direla ikusten dutenez, exijitu die astelehenean ikasgeletara itzultzeko aukera baztertu dezala.

«Guztiok beharrezko ikusten dugu klase presentzialetara itzultzea, baina ez edozein baldintzetan eta edozein kosturekin». Gogoratu dute ugariak direla astelehenean aurrez aurreko ikasketarekin hasiko ez direla adierazi duten ikastetxeetako zuzendaritzak, «hain zuzen ere, Hezkuntza Sailak ulertarazi nahi duenaren kontran, osasuna ez dagoelako bermatuta».

«Jaurlaritzaren plan falta begi bistakoa da eta ikastetxeetara itzultzeko erabakia ikastetxe bakoitzaren eskuetan utzi duen honetan langile, ikasle zein hezkuntza komunitatearen osasun eta segurtasunaren bermeak kolokan jarraitzen dute», ohartarazi dute sektoreko sindikatu guztiek (ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT).

Erantzunak baino galdera gehiago

Gaurko bileran sumatu dute oraindik ere galderak gehiago direla erantzunak baino eta onargaitza dela, hurrengo astelehenera begirako aurreikuspenaren inguruan galdetuta erantzunik ez ematea.

Segurtasun neurriei dagokionez, sindikatuek helarazi dute Gobernuaren segurtasun plana «ostiral honetarako maskarila, hidrogel eta termometroak zentro publiko guztietara helduko direla ziurtatzera mugatzen» dela.

Hori horrela, argi utzi nahi izan dute, gaur gaurkoz ez dagoela «prebentzio plana eta itzulera negoziaturik».

Astelehenean aurrez aurreko ikasketetara itzultzeko aukera baztertzeaz gain, Hezkuntza Sailari eskatu diote hezkuntza komunitate osoaren osasuna bermatuko duen aurrera begirako plana negoziatu eta adostu dezala sindikatu eta gainerako eragileekin, bakoitzari dagokion esparruan.

Aldi berean, itunpeko hezkuntzako patronalei eta zuzendaritzei ere ildo beretik jarraitzeko deia helarazi nahi izan die; hau da, ikastetxeak ez irekitzeko berme guztiak negoziatuak izan arte eta modu honetan guztion osasuna babestu arte.