Estatuko Aldizkari Ofizialaren argitalpenaren arabera preso diren pertsonak irteera baimenak eta lokutorio bidezko bisitak berreskuratzen hasiko dira orain. Berri pozgarria da hori Sarerentzat, baina gogoratu du euskal presoen senideen kasuan salbuespen legedia dela-eta senideengandik ehunka eta milaka kilometrotara daudela presoak. Beraz, zirkulazio mugimenduaren debekua dela medio, ez dakite nola aplikatuko den baimen hori.
Urrunketa politika salatu eta presoak Euskal Herriko espetxeetara gerturatzea exijitu dute, senideek eta tartean haurrek larrialdi egoera honen erdian gurasoak ikusi ahal izateko bidaia luzeak egin behar izango baitituzte, errepidean ibiltzearen arriskuari Covid-19aren kutsatze arriskua gehituz.
Ehun umetik gora
Sarek azpimarratu duenez, ehun haur baino gehiago dira gaur egun ama edo aita, edo hamabost umeren kasuan, bi gurasoak kartzelan dituztenak.
Pandemiaren aurretik, haur horiek ehunka kilometro egin behar zituzten gurasoak espetxean ikusi ahal izateko. Bidaia luzeak, irteerak ostiraletan eta itzulerak igande gauetan, eta horrela urteetan.
Covid-19a dela-eta ezarritako alarma egoeraren ondorioz, bi hilabete luze hauetan haurrek ezin izan dituzte gurasoak bisitatu, eta, kasu askotan, bideokonferentzia bidez ere ezin izan dituzte ikusi. «Hori da, hain zuzen ere, euskal presoen kolektiboari aplikatzen zaion salbuespen legediak eragiten duen beste errealitateetako bat; hain zuzen ere, senideengan eragin zuzena duen zigor gehigarri bat, are gogorragoa dena haur txikientzat», azaldu du Sarek.
Bea Etxeberria eta Olatz Lasagabasterren kasuak
Zehazki, ama diren bi euskal presoren egoera ezagutzera eman nahi du Sarek, Bea Etxebarria eta Olatz Lasagabasterrena. Bi presoak Aranjuezeko espetxean daude, euren herritik ehunka kilometrora.
Etxebarriaren kasuan, bere alaba Iratik bi urte ditu eta gurasoekin espetxean egotea dagokio, baina larrialdi egoera honek aiton-amonekin (espetxetik kanpo) harrapatu zuen eta orain debekatua du amarengana itzultzea, konfinamendua dela medio. Martxoaren 1ean irten zen Irati aiton-amonekin eta martxoaren 7an, berriro amarena itzuli behar zuenean, ezinezkoa zela jakinarazi zieten.
Bea Etxeberria 2011n atxilotu zuten, Iñigo Zapirain bikotekidearekin batera. Biek bederatzi urte daramate kartzelan.
Olatz Lasagabasterren egoera ere antzekoa da. Xua alabarengandik banandu zuten urtarrilean, honek hiru urte betetzean. Aita ere, Patxi Uranga, kartzelan dago. Lasagabaster berriro haurdun dago eta hamaika hilabete barru Auzitegi Nazionalak ezarritako 12 urteko zigorra beteko du.
Aspaldi egon beharko luke baldintzapeko askatasunean, zigorraren hiru laurdenak beteak baititu.
«Espainiar Gobernuak publikoki adierazi du argibideak eman direla amek espetxez kanpoko bizitza-erregimenak eskuratu ahal izan ditzaten, haien eta seme-alaben osasuna bermatzeko, baina, beste behin ere, adierazpen horietatik baztertuta geratu dira espetxean seme-alabak dituzten euskal presoak», salatu du Sarek.
Herritar sarea presazko irtenbide bat kudeatzen ari da espetxe erakundeetan, motxiladun umeei «behin betiko irtenbidea eman ahal izateko».