Euskarazko spot lehiaketaren (Euspot) antolatzaileek moda azkarraz hausnarketa egiten duten 51 spot jaso dituztela jakinarazi dute. Azaldu zutenez, aurtengo lehiaketa oso berezia izan da, «konfinamenduak eta alarma egoerak pare-parean» hartu dituelako eta, hala ere, txalotu dute «egoera honetan ere jaso dugun lan kopuru handia». Osasun krisiaren ondorioz, lan guztiak etxe barruan egin behar izan dituzte.
Aurtengo lehiaketak janzten dugunaren inguruan hausnarketa egin nahi izan du. «Kontzientziazio kanpaina baterako spota sortu behar izan dute parte-hartzaileek, moda azkarrak eragiten dituen ondorio negatiboak ikusarazteko», azaldu dute. ‘Zer dago janzten dugunaren atzean?’ izan da izenburua, eta erosten dugunaren inguruko kontzientzia hartzea izan da aurtengo lanekin lortu nahi izan dena, «batez ere arroparen kasuan».
Sariak
Euspotek bost sari banatuko ditu: Spotik onena, Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena, publikoaren saria, musika sinkronizazio onenaren saria eta BHklip saria (14-18 urte dituztena).
Publikoak webgunearen bidez eman dezake botoa eta boto gehien batzen dituen spotak 500 euro jasoko ditu. Hilaren 18ra arte botoa emateko aukera egongo da.
Guztira 51 lan aurkeztu dira, aurten ere Euskal Herriko leku askotakoak. Aurkeztutako lanen artean, 18 urtetik beherakoek eginiko 24 lan jaso dira eta 18 urtetik gorakoek eginiko 27 lan.
Bai Euskarari elkartearen babesletza
Aurten Bai Euskarari Elkarteak ere parte hartu du babesle gisa, bere helburua da eremu sozioekonomikoan espazioak euskaraz betetzeko eragitea.
Hala, ikus-entzunezkoen euskal industrian estrategikoa da euskara bultzatzea eta baita gazteen artean ere.