NAIZ

Turismo gastronomikoa eta kulturala sustatuko ditu Gobernu espainiarrak

Maria Jesus Montero Ogasun ministro eta espainiar Gobernuko bozeramaileak aurten turismo gastronomikoa eta kulturala sustatuko dituela ziurtatu du. Bestalde, Balear uharteetako presidenteak Turismo Sektorearen Erreskate Planari buruzko presidente autonomikoen konferentzia bat egitea proposatu du.

Mallorca, turismo zonalde ohikoenetariko bat. (Oliver LANG/FOKU).
Mallorca, turismo zonalde ohikoenetariko bat. (Oliver LANG/FOKU).

Maria Jesus Montero Ogasun ministro eta Gobernuko bozeramaileak igande honetan adierazi duenez, Gobernua espaiarrakk turismo gastronomikoa eta kulturala sustatuko dituela ziurtatu du, sektoreko eragile nagusiekin amaitzen ari den suspertze planaren parte gisa.

Horrela, Estatu espainiarreko eta inguruko herrialdeetako turistak gastronomia eta kultura udako oporretarako «funtsezko elementu» gisa erabil dezaten «sustatu eta animatu» nahi ditu Madrilgo Gobernuak. Hala ere, plan horiek guztiak «osasun egoeraren menpe» daudela ohartarazi du Monterok.

Bestalde, Monterok aurreratu duenez, deseskaladan aurrera egin ondoren, Gobernuaren agendan dago Kanariar Uharteetarako eta Balear Uharteetarako hegaldien prezioak fiskalizatzea, uharteetako biztanleentzat gehiegikeriarik gertatzen ez dela egiaztatzeko. Bide horretatik, diruz lagundutako prezioak (gaur egun %75) errespetatzen diren egiaztatu nahi du Exekutiboak, «abusuzko egoerarik gerta ez dadin».

Gonzalez Layaren gonbidapena

Arancha Gonzalez Laya Atzerri ministroak igande honetan adierazi duenez, uda honetako denboraldi turistikoa gauzatu daitekeela uste du, eta frantziarrak Estatu espainiarra bisitatzera gonbidatu ditu. «Maite zaituztegu! Zuen zain gaude!», adierazi du Gonzalez Layak Frantziako telebistako France 3 kateko ‘Nous, les Européens’ saioan.

Programa turismoan eta pandemiaren sektorean izan dituen ondorioetan oinarritu da. Gonzalez Layaren hitzaldiaren ostean, Francis Letellier aurkezleak joan-etorri turistikoen bideragarritasuna zalantzan jarri du.

«Oso ondo. Beraz, beharrezkoa izango da Madrilek derrigorrezko berrogeialdiko hamabostaldia kentzea», esan du Letellierrek Twitterren duen kontuan.

Izan ere, Espainiako Gobernuak nahitaezko 15 eguneko berrogeialdia iragarri du herrialdera iristen diren nazioarteko joan-etorrietarako, baina joan den maiatzaren 15ean Salvador Illa Osasun ministroak zehaztu zuen neurri hori «aldi baterakoa eta salbuespenezkoa» dela, eta alarma-egoerari lotuta dagoela; beraz, ez litzateke aplikatuko behin egoera amaituta.

Turismo Sektorearen Erreskate Planerako konferentzia

Francina Armengol Balear Uharteetako Gobernuko presidenteak jakitera eman duenez, Sanchezen Gobernuak onartu egin du Turismo Sektorearen Erreskate Planari buruzko presidenteen konferentzia bat egiteko proposamena.

Ildo horretan, honako hau eskatu du Armengolek: «Enplegua erregulatzeko aldi baterako espedienteek (ERTE) erabateko babesa izan behar dute sektoreko enpresentzat, %100ekoa, ERTEetara zabalduz ezinbesteko kasuetan, eta haien balio-epea datorren ekainaren 30etik aurrera luzatuko da, enpresa horiek baldintza egokietan irekiko direla ziurtatu eta lantokiak bermatu ahal izateko».

Halaber, Sektore Turistikoaren Erreskate Planak Europako fondoak izan behar dituela adierazi du. Halaber, «Europar Batasunak eta Espainiak hartutako babes neurriak nola konbinatu bilatu» behar dela gaineratu du.

Puntu honetan, Estatu espainiarrak atzerritik datozen bidaiariei ezarritako berrogeialdiari buruz galdetu diotenean, Armengolek hurrengoa esan du: «Turisten iritsieren proba pilotuak hasi eta nazioarteko hegaldiei berrekiteko aukera dagoenean, figura hori desagertu egingo dela ulertzen dut. Nire azalpenean egintzat eman dut eta inork ez dit kontrakorik esan. Ez litzateke logikoa izango turistei etortzera gonbidatzea eta berrogeialdia gordetzea».