Maite Ubiria

Euskal Elkargoa, laborarien alde: tokiko ekoizpena laguntzeko egitasmo berria abiatu du

Bere sorreratik, orain dela hiru urte, Euskal Elkargoak bertako laborantza eredua babesteko eta bide batez elikadura burujabetza garatzeko hainbat egitasmoa ahobatez onartu zituen. Covid19ren hedapenaren eskutik gertatu den tokiko ekoizpenaren garapena iraunkortzeko xedez laguntza programa berria iragarri du Ipar Euskal Herriko erakundeak.

Lekukoa sareak elikagaien banaketa bermatu du, hala nola, Biarritzeko Irati eraskustazokaren aparkalekuan. (Guillaume FAUVEAU)
Lekukoa sareak elikagaien banaketa bermatu du, hala nola, Biarritzeko Irati eraskustazokaren aparkalekuan. (Guillaume FAUVEAU)

Lehenengo sektoreari dagokionez, osasun larrialdiak oso bestelako aztarnak utzi dituela onartzen dute ekoizleek beraiek.

Alde batetik, mugirkortasunari loturiko murrizketek mozkinen garraiatzeko ohiko sarearen moteltzea ekarri du osasun larrialdiak. Bestetik, zirkuito laburren eta zuzeneko salmentaren garapen azkarra ekarri du, herritarren produktu freskoen kontsumoa hauspotuz.

Deskonfinamenduak berriz ere saltegietara jotzeko joera areagotu dezakeelako beldur dira laborari txikiek. Bi hilabete denbora tarte eskasa baita ohituren aldaketa sendoa ekartzeko.

Drive sistemaren inguruan esperimentazio aukera zabaldu du krisiak. Hartara, osasun larrialdiak kaleko azokak itxuraldatu ditu. Hasierako debekuari bizkar emanez udalek bata bestearen atzetik zuzeneko salmenta baimentzeko urratsa egin dute.

Aurrera begira tokiko mozkin freskoen ekoizpena eta salmenta sostengatzea izanen da erronka. Hala uste dute ekoizleek, baita Euskal Elkargoak ere.

350.000 euroko funtsa

Ipar Euskal Herriko erakundeak 350.000 euroko inbertsioa iragarri berri du laborarien egitasmoak babesteko.

«Berebiziko garrantzia duen jarduera batetaz ari gara, finean osasuna, ekonomia, lurraldea eta ingurugiroaren zaintzaren ikuspegitik ezinbestekoa baita hurbileko ekoizpen eta salmenta sareak babestea», adierazi du erakundeak ohar baten bidez.

Euskal Elkargoak nabarmendu duenez, «laborantzaren sektoreak enplegua nahi dugu atxiki eta baita kontsumitsaileari kalitatezko elikagaiak proposatu ere».

Dagoeneko hiru egitasmo martxan zituen erakundeak. «Etxalde berritzaileak» izeneko programaren bidez energiaren kontsumoa edo hondakinen sorrera gutxituz ingurugiroa zaintzeko erronkari erantzun dieten egitasmoak diruz lagundu ditu.

«Ekoizpen berriak» izenburu duen programaren bitartez mozkinen tratamendu edo merkaturatze prozesuak berritzeko egitasmoak lagundu ditu. Finean, hirugarren egitasmo bat aitzineratu du Euskal Elkargoak kontsumatzaileen beharretara egokituz lan sail berriak entseatzen dituzten laborariak sostengatzeko.

Gida numerikoa

Berriko aurkeztu duen programakk dirulaguntzen lerro berria zabaltzeaz gain laborariek beraiek, auzolanean, plantan eman dituzten salmenta zirkuituen ezagutzera ematea du xede.

Hala, Euskal Elkargoak gida numerikoa osatu du herritarrek informazioa eskura dezaten beraien etxetik zein den hurbilen dagoen tokiko ekoizpen zirkuitoa.

«Behin behineko zerrenda osatu dugu baina gure asmoa litzateke egitasmo berriak sortu ahala gida hori eguneratzea», azaldu du Euskal Elkargoak.