NAIZ

350.000 hildakotik gora eragin du koronabirusak mundu osoan

Mundu mailan 350.000 hildakotik gora eragin ditu koronabirusaren gaitzak, John Hopkins Unibertsitateak emandako azken datuen arabera. Honekin batera, 5.590.000 kutsatu baino gehiago daude.

Txileko osasun arloko langileak Santiagoko aireportuan. (Martin BERNETTI/AFP)
Txileko osasun arloko langileak Santiagoko aireportuan. (Martin BERNETTI/AFP)

Orotara, 350.000 hildakotik gora izan dira mundu osoan koronabirusarengatik, John Hopkins Unibertsitateak eman dituen datuen arabera. Honez gain, 5.590.000 kutsatu daude munduan, asteazken goizean eguneratu duten kontaketa honen arabera. Orotara, 188 herrialdetan izan dira kaltetuak.

Osatu direnen kopurua 2.280.000tik gorakoa da mundu osoan. Estatu Batuak zerrenda honen lehen puntuan daude, 384.902 sendaturekin. Zerrendako hurrengo postuetan Alemania (161.967) eta Brasil (158.593) daude.

Beste egun batez, Estatu Batuak dira kasu gehien dituen herrialdea. Azken 24 orduetan 18.600 kutsatu berri izan dira, martxoaren 27tik izan den zifrarik baxuena. Orotara, 1.680.000 kutsatu eta 98.929 hildako dituzte.

Brasil dugu zerrenda beltz honen bigarren postuan, 391.222 kutsatu eta 24.512 hildakorekin. Aste honetan Errusia gainditu du Brasilek. Errusiari dagokionean, 362.342 kasu eta 3.807 hildako ditu. 130.000 kutsatu baino gehiago dituzten herrialdeen artean heriotza-tasa baxuena du Errusiak.

Britainia Handia dago laugarren postuan, 266.599 kutsatu eta 37.130 hildakorekin. Atzetik, Estatu espainola dago 236.259 kutsatu eta 27.117 hildakorekin.

Italia da zerrendan agertzen den hurrengo herrialdea, 230.554 kutsatu eta 32.955 hildakorekin.

Estatu frantsesa da zerrendan zazpigarren lekuan kokatzen den herrialdea, 182.847 kutsatu eta 28.533 hildakorekin.