‘Los Angeles Times’ egunkariak, Patricia Escárcega gastronomia kritikariaren eskutik dakarkigu Kaliforniako Chino hiriko «Centro Basco» euskal jatetxearen etorkizun iluna, koronabirusaren krisiaren ostean aurrera ateratzeko modurik izango ote duen ala ez zalantzaz josita.
Aurrenekoz 80 urte eta gero, Aste Santuko Domekako afaria bertan behera laga zuen Centro Bascoak, 1940an atea aurrenekoz ireki ostean. «Makina bat familiak galdetzen zigun ea Aste Santu Igandeko afaria aurten ez ote genuen eman behar, eta gugana sarritan eta aspalditik datozen horientzat etsigarria suertatu zen afaria bertan behera geratzen zela jakitea», dio Bernadette Heltonek, bere anaia Joseph Berterretcherekin batera euskal jatetxe honen burua.
Euskal Herritik joandako etorkinen geraleku eta pentsio zen Chinoko Centro Basco eta 1940az geroztik familia giroko afariak eta jaietako ospakizun oturuntzak ziren beronen ezaugarri bereziena.
Euskal jatorriko mila bat familia bizi omen dira oraindik ere Chino hiriaren inguruan eta sarri azaltzen ziren Centro Bascotik duela gutxira arte, berdin jaiegunen bat ospatzeko zein pilota jaialdi inprobisatuak burutzeko ere jatetxearen atzean lekuturiko frontoian.
Etxeko sukaldaritza egiteaz gain, famatu egin ziren bertan «Boarder Table» izeneko afariak. Bertan egurrezko mahai luzeetan jende ezezaguna ondoz ondo eseri zitekeen eguneko janaria ontzi berberatik partekatuz, hemengo sagardotegien antzera, baina menu ezberdin batekin. Hala nola, ganadu okela eta tipularekin eginiko zopa ore hartzitudun ogiaz lagunduta, entsaladak, idi buztana, oilasko errea tomate saltsaz edota lukainka.
«‘Thanksgiving’ sasoiko afariaren antzekoa da, baina hark duen dramatismorik gabe. Hala ere, ‘Boarders Table-aren inguruan magia ikaragarria sortzen da», dio Bernadette Heltonek.
Magia hori covid-19ak zapuztu du, ordea. Ezin burutik pasatu ere uneotan mahai komunalak eta eserleku korritu luzeak ondoz ondo elkarbanatzea. Bestetik, Heltonek ezin du jakin noiz izango duten itzultzerik familia giroko afari horiek, ezta zenbat denbora iraungo duten bezeroek eramateko janak emandako diru sarrerekin.
Bertanedette eta Joseph –sukaldeko burua da Berterreche– neba arrebek egunero moldatzen dute menua, bezeroek etxera eroan dezaten: arkumea parrillan, txahalaren mihia,a etxean eginiko pateak eta barazkiak. Baina etxera eramateko prestatzen den janaz ezin nahi bezala aurrera egin. «%60 bat murriztu zaizkigu diru sarrerak martxoaren erditik honantz», dio Heltonek.
«Ohiko bezeroak itzultzeko irrikaz daude», gaineratzen du Centro Bascoko jabeak, baina «ohiko» bezeroak 65 urtez gorako gizon-emakumeak dira, koronabirusarekiko kolektibo zaurgarriena, alegia. Hala, Bernadette Heltonek kontuz ibili nahi luke erabakirik hartu aurretik.
«‘Noiz ireki behar duzue?’», galdetzen digute behin eta berriz. Baina ez dakigu irekitzerik izango dugun ere», dio Heldek.
Lekua ez da arazo, 5.000 oin karratu –450 metro karratutik gora– ditu Centro Bascok, hainbat jangelatan banatuta. Hala, «sei oinetako banatze araua –bi metro–» betetzeko ez dauka arazorik jatetxeak, baina «lastima dela» deritzo Bernadettek. «Ezezagun askok afaria lagun izaten nola amaitu duten ikusi dut. Gogorra egiten zait hori galdu daitekeela pentsatzea», dio.
Zintzarria joaz 19.00etan
Pierre –Pello– eta Monique Berterretche Donibane Garazitik Wyominga joan ziren 1950eko hamarkadan, Kalifornia hegoaldeko Chino hirira iritsi aurretik. Hamar urte baino gehiagoz esnetegietan lan egin ostean, 1970ean jatetxea irekitzeko adina diru aurreztu zuten. Centro Basco eraman duen bosgarren euskal familia da Berterretchetarrena, baita denbora luzeenean eraman duena ere; Bernadette eta Josephen ama Moniquek, bere 89 urtean gorabehera, tarteka jantokia atontzen laguntzen du oraindik ere.
Bernadetten umetako oroitzapenak jatetxeari lotuta daude, Centro Basco pentsio izatetik taberna eta jatetxe izatera pasa baita denbora honetan guztian zehar. Bezeroen parterik handiena Hego eta Ipar Euskal Herritik Kaliforniara joandako euskaldunak ziren jatetxearen hasierako garaietan.
«Gogoan daukat nola 19.00etan puntual etortzen ziren 20 urte inguruko mutil gazteak gure amak zintzarria jotzen zuenean», gogoratzen du Heldek.
Duela gutxira arte, txapela buruan, mezetatik bueltan elkartu ohi ziren euskal jatorriko bezeroak ardo batzuk hartu eta musean ekiteko. Arazoak arazo, aurrera atera da Centro Basco, Ipar Euskal Herriko jana eskainiz –euskal sukaldeaz gain, tradizio frantsesa ere beregain baitu– Chinoko jatetxerik zaharrenak, Central Avenuen erraz asko aurki litekeena orain ere.
Bernadette Heltonek egunero berrizten du menua eta Instagramera igotzen. «Egunero ohiko bezeroren bat pasa ohi da bere afariaren bila», dio Centro Bascoren jabeak, «eta hori nahikoa da zabalik mantentzeko».
«Noriega Hotel», euskal jatetxe baten agurra
Bakersfield hiria ere Kalifornian dago eta bertan eraikia zen «Noriega Hotel» euskal jatetxea ere. Baina koronabirusaren krisiak itxi beharra ekarri du 120 urtetik gorako historia duen jatetxe hau. Alperrik 2011 jaso zuen America's Classics saria, «garaietatik haratago erakargarriak diren jatetxeak, kalitateko elikagaiak dituztenak eta komunitatearen izaera islatzen dutenak», saria eman zien James Beard Fundazioaren arabera.
Bere itxiera ez da oharkabean pasa. Ez hurbilekoen artean, ez AEBen bi kostaldeetako izen handiko bitartekoen artean. Euskal kultura tradizionalaren galerari buruzko artikulu eta albiste asko daude herrialde hartan.
Hala, Farley Elliottek sinatutako «Eater Los Angeles« hedabidean aipamena egin zion itxiera honi. Beste informazio bat, Jill Cowanen Kaliforniari buruzko zutabean, «New York Times» argitaratu izan du du, beti miretsia, jatetxe txiki honen garrantziaz, Nueva Yorketik 4.500 kilometro baino gehiagora dagoen herri txiki batean.
Hirugarren prentsa artikulua Robert Pricerena da, «Tehachapi Newsen» argitaratua eta honela amaitzen dena. «Guk ezin izan genuen inoiz bertan bazkaldu. Zoritxarrez, AEBetako euskal kulturarekiko zor hori ezin izango dugu inoiz kitatu».