NAIZ

Urtarriletik kobratu gabe dauden Batz Araluceko langileek mobilizazioei ekingo diete berriz

Enpresa batzordeak salatu duenez, Araluceko langileek azarotik lan egin gabe jarraitzen dute, urtarriletik kobratu gabe, Batzen «gure lana egiten duten bitartean». Lakuako Gobernua Araluce bezalako enpresa bat desegin ahal izateko parte aktiboa izan dela salatu eta mobilizaioei berrekingo dietela iragarri dute.

Batz Araluceko langileen protesta bat. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Batz Araluceko langileen protesta bat. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Igorreko Batz Araluceko enpresa batzordeak ohar baten bidez gogoratu du joan den abenduaren 26an, Batz Taldea, «konkurtso-administratzailearen babesean eta laguntza judizial baten bidez», Araluce enpresaren instalazioetan sartu zela, lan-kargak hustu zituela eta zuzenean Batz instalazioetara eraman zituela.

Garai hartan, Aralucen, 141 langileentzako enplegu-erregulazioko espediente batean murgilduta zeuden, «irregulartasunez betetako prozesua», langileek behin eta berriz salatu dutena.

Batz Araluce enpresako langileak lanik gabe daude azarotik, eta ez dute ezer kobratu urtarriletik, nabarmedu du enpresa batzordeak, «enpresaren lan-karga Batz Taldearen instalazioetan garatzen den bitartean».

Ildo horretan, Merkataritza Epaitegiak Araluceko sare informatikoak berrezartzeko laguntza judiziala igorri duela azpimarratu du enpresa batzordeak; izan ere, Batzek eten egin zituela gogoratu du, «aldebakarrez eta legez kanpo».

«Gertakari garrantzitsua da hau, gure enpresaren likidazio prozesu bati gehitzen baitzaio, irregulartasunez betea, eta prozesu honetan gertatu dena baino beste froga bat da», salatu du.

Bestalde, Batz Taldeak eta Batz Aralucek laneko-talde bat osatzen dutela «oso argi» dutela nabarmendu dute, hori horrela izan baita «erabaki ekonomiko, industrial eta estrategiko guztietan».

Zentzu berean, Batz Taldearen eta MCCren (korporazioko kidea da) jarrera salatu du enpresa batzordeak, «zalantzarik gabe Batz Araluce ixteko erabakia inposatu» baitute, urtarriletik soldatarik ez ordaintzeaz gain, 141 familiaren sufrimenduaren kontura.

Konkurtso Administrazailearen eta Lakuaren jarrera salatu dute

Gainera, kooperatibaren estrategia makabro honetan beharrezkoa izan den Konkurtso Administratzailearen lankidetza salatu nahi izan du enpresa batzordeak, «prozesuaren irregulartasun guztietan parte hartu baitu, Laneko-Taldeari buruzko iritzia ematea saihestuz eta alderdi horri buruzko zalantzak argitzeko jarrera nulua izanez».

Era berean, «ez dugu ahazten Eusko Jaurlaritzaren jarrera, Batz Taldeari babesa emanez, lan karga duen Araluce bezalako enpresa bat desegin ahal izateko parte aktiboa bilakatuz».

Azkenik, enpresa batzordeak adierazi nahi du «gure enpresako likidatzaileek abenduaren 31an, 141 langile kaleratuta egongo zirela adierazi zuten arren, Batz Aralucekoak izaten jarraitzen dugula, gure eskubideak defendatuz».

Ildo horretan, hurrengo egunetan covid-19aren krisiaren ondorioz bertan behera geratu ziren mobilizazioei berrekingo dietela iragarri nahi izan dute ere.