EAJ eta PSEk atzera bota dute oposizioak aho batez Hondarribiko Zaldunbordako proiektua gelditzeko eskaera, nahiz eta Gasteizko Legebiltzarrean merkataritza-gune handiak erregulatzeko legearen alde azaldu ziren.
Gasteizko Legebiltzarreko gehiengoaren babesarekin onartutako legeari «burla» egin izana salatu du EH Bilduk gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran. Juan Karlos Izagirre bozeramaileak gogora ekarri du legea onartu bezperan eman ziola Hondarribiko alkateak hasierako onespena proiektuari, «legetik salbuetsita gera zedin».
Izagirrek salatu du Hondarribiko megaoutlet-aren proiektuak «guztiz hondoratuko» dituela eskualdeko merkatari txikiak.
«Hasita gaude erabakiak hartzen, epe motzean laguntzeko: autonomoak, dendariak, komertzio eta tailer txikiak, bertako komertzioaren aldeko kanpainak, bono-dendak, diru-laguntzak, ordainketa fiskala egiteko atzerapenak… Baina zertarako balio du honek guztiak, aldi berean, kalte neurtezina egingo dien Zaldunborda bezalako proiektu bat onartzen badugu?», adierazi du.
EH Bilduko bozeramaileak gaineratu du pandemiak iraun duen bitartean proiektuak aurrera egin duela: «Zuhaitz mozketak eta lur-mugimenduak egin dira baimenik gabe, esate baterako. Berriro ere Udalaren ez ikusiarekin. Beste erremediorik ez zuenean isun barregarria jarriz, 500 euroko isuna».
Azkoitiko zabortegia
Zentzu berean, Azkoitiko zabortegiaren proiektua alboratzeko eskatu eta hondakinen kudeaketa publikoa aldarrikatu du EH Bilduk osoko bilkuran.
«Zaldibarko ezbeharretik ikasi eta hondakinen kudeaketa nahiz bestelako oinarrizko zerbitzuak publikoak eta irabazi asmorik gabeak» izan behar dutela azpimarratu du talde subiranistak, hala ez den kasuetan «kontrol publiko zorrotza bermatzeko neurriak hartuz».
Halaber, «Azkoitiko alkateak, herritarrek eta oposizio politikoak eskatutako parte hartze prozesu eta erabaki adostuen formula» aplikatzeko eskatu dio Gipuzkoako Aldundiari.