NAIZ

Ekainetik irailaren hasiera bitartean 17 ikastaro eta jardunaldi antolatu ditu UEUk

Koronabirusak baldintzatutako egoeran, UEUk Udako Ikastaroen eskaintzarekin aurrera egiteko erronka jarri dio bere buruari. Datak moldatu eta ekainetik irailaren hasiera bitartean 17 ikastaro eta jardunaldi antolatu ditu Eibar, Iruñea, Baiona, Usurbil eta Donostian. Guztiek 10 euroko prezio sinbolikoa izango dute.

Irati Iciar UEUko Udako Ikastaroetako arduradunak eta Kepa Sarasola UEUko zuzendariak aurkeztu dituzte udako ikastaroak. (@ueu_orokorra)
Irati Iciar UEUko Udako Ikastaroetako arduradunak eta Kepa Sarasola UEUko zuzendariak aurkeztu dituzte udako ikastaroak. (@ueu_orokorra)

Ostegun honetan aurkeztu dituzte Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) 48. Uda ikastaroak. Bideokonferentzia baten bidez, Kepa Sarasola UEUko Zuzendariak eta Irati Iciar UEUko Udako Ikastaroetako arduradunak aurtengo ikastaroen nondik norakoak azaldu dituzte.

«Koronabirusak gure bizitzak hankaz gora jarri ditu eta baita UEUren egitasmoa ere; tartean, Udako ikastaroak. Duela aste batzuk ez genekien egin ahal izango genituen, baina azkenean aurrera egiteko erronka jarri diogu gure buruari», adierazi du Sarasolak.

Udako Ikastaroak «UEUren nortasuna, balio-erantsia eta marka direlako, dena online eman ezin delako, udakoetan bizipenen bidez ikasten delako eta udakoak gogoeta guneak direlako» izan dira udako ikastaroak abian jartzearen arrazoiak zuzendariaren esanetan.

Baita «aurrez aurrekoaren ezaugarriengatik», hau da, «pertsonen arteko elkarrekintzatik esperientzien elkartrukea gertatzen delako; harremanak eta sarea egiteko aurrez aurreko elkarrekintza indartsuagoa delako; eta udakoetan ikasle eta irakaslearen arteko mugak lausotzen direlako elkarrekintza horretan».

Iciarrek, bestalde, ikastaroei dagozkien xehetasunak azaldu ditu prentsaurrekoan: «Aurrez aurrekoaren aldeko apustua egiterakoan, eskaintza birmoldatu behar izan dugu, hainbat ezaugarrirekin».

Horrela, ikastaro gutxiago (12 ikastaro eta 5 jardunaldi) eta laburragoak egongo direla azaldu du, talde txikietan banatuta aforo eta segurtasun neurriak jarraitu ahal izateko.

Hala ere, tokiak manteduko direla iragarri du ikastaroetako arduradunak; izan ere, Eibar (UEUren Ikastetxe Nagusian), Baiona (Eusko Ikaskuntzako eta IKER zentroko egoitzetan), Iruñea (Ezpeleta jauregian), Donostia eta Usurbilen ospatuko dituzte.

ZientziaK eta Euskara’ jardunaldi birtuala ekainaren 18tik aurrera

Uztailaren 10etik irailaren 4ra bitartean ospatuko dituzte ikastaroak, baina ekainaren 18an ‘ZientziaK eta Euskara’ jardunaldi birtualak emango dio hasiera aurtengo edizioari. Koldo Garcia ikertzaile eta UEUko zuzendaritzako kideak egoera zertan den aztertzeko oinarriak jarriko ditu online hitzaldi baten bidez.

Hortik abiatuta, «taldeko hausnarketa bat egiteko epea» zabalduko da, sarearen bidez egingo dena #ZientziakEuskara eta #ElkarEkin traolak erabilita.

Ekarpen guztiak jasota, online mahai-ingurua egingo da uztailaren 17an ‘ZientziaK eta Euskara’ri buruzko ikuspegi berritzailea emanez.

Jardunaldi honen helburua unibertsitate mailako gai garrantzitsu honi buruz hausnartu eta UEUk bere ekarpena egitea da. Horretarako, uztailaren 17an ondorio batzuk plazaratuko ditu jardunaldiko Batzorde Akademikoak.