Dabid Lazkanoiturburu

«Hungaria Handiaren» nostalgia, egungo Orbanen Hungariaren elikagaia

Hungariak Trianongo Itunaren mendeurrena gogoratzen du gaur. 1920ko ekainaren 4an Lehen Gerrate Mundialean garaileek austrohungariar inperioaren zatikatzea sinatu zuten Versailleseko Gazteluaren Trianon Handian. Hungariak bere lurraldearen bi herenak eta 3 milioi biztanle magiar galdu zituen.

Dabid Lazkanoiturburu (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Dabid Lazkanoiturburu (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Viktor Orbanen Gobernuak ekitaldi «erraldoi eta tragikoa» nahi zuen baina koronabirusak atzeratu egin du duela ehun urte galdu zituen lurraldeak gogoratzen duen Aberriaren Batasunari monumentuaren inaugurazioa.

Lehen Gerrate Mundialean Hungaria erreinu multietnikoa zen, eta egun Errumanian (Transilvanian), Eslovakian,  Ukrainan, Serbian, Eslovenian, Kroazian eta Austrian dauden lurraldeak bereak zituen. Erreinuak 21 milioi biztanle zituen eta hauetatik erdiak baino ez zuen hungarieraz hitzegiten.

Austrohungariar inperioaren parte izanik, Hungariak Gerra Handia (1914-1918) galdu zuen Alemaniarekin eta Otomandar inperioarekin batera.

Garaileek, Frantziak, Britainia Handiak, Errusiak eta Ameriketako Estatu Batuek, inperio galtzaileak zatikatu zituzten. Hungariak bere lurraldearen %70a eta biztanlegoaren %60 galdu zuen. 13 milioi hauetatik 3,3 milioi ziren magiarrak. 1920an Errumaniaren, Eslovakiaren, Ukrainaren eta Serbiaren biztanlegoaren herena hungariar etnikoak ziren.

Hungaria Handiaren nostalgikoek ez zuten sekula barkatu. Urte hartan bertan boterea eskuratu zuen Miklos Horthy diktadoreak lurraldeak itzultzea exijitu zuen hasieratik eta Hitlerrekin bat egin zuen, II Gerrate Mundialean eta Holokaustoan parte hartuz.  

Komunismoaren garaian Trianongo Ituna aipatzea ere debekatuta zegoen, Sobietar Batasuna eta bere agintepeko herrialde «sozialistak» haserrarazi egingo zuelako.

Ekialdeko Blokea suntsitu zenean auzia berriro azaleratu zen eta eskuinak beti egotzi izan dio Alderdi Sozialistari, alderdi komunista ohiaren ondorengoari, gaiari muzin egin izana.

Itunaren «zauria»

Ordutik hona, gobernu bat bera ere ez da ausartu era ofizialean Ituna bertan behera uzteko eskatzea. Baina Orbanek boterea eskuratu eta bultzatu zuen Konstituzioak (2011) zera dio, besteak beste: «Aberri hungariarraren ereduak bultzatuta, Hungariak bere egiten du atzerrian bizi diren hungariar guztien ardura».

Milioitik gora hungariar etniko bizi dira egun Errumanian. 450.000 Eslovakian, eta dozenaka milaka Ukrainan edo Serbian (Vojvodinan). Bide batez, atzerrian bizi diren bi milioi magiar-hiztunei nazionalitate hungariarra eta Hungarian bozkatzeko eskubidea eman die. Zer esanik ez, gehienek Orbanen Fidesz alderdiari bozkatzen diote.

Pasaportearekin batera, Budapesteko Gobernuak diru-laguntzak ematen ditu Transilvanian eskolak, komunikabideak eta erakunde komunitario hungariarrak zabaltzeko.

Ehun urte igaro eta gero Trianongo «zauria» guztiz present dago Hungarian. Eta ez bakarrik ultraeskuinean eta Orbanen Gobernuan. Batzorde zientifiko batek agindu duen inkesta baten arabera, hungariarren %85ak uste du Ituna herrialdearen «tragediarik handiena» izan zela.

1918aren aurreko «Hungaria Handiaren» mapak ikusgai daude kotxeen pegatinatan eta dendatan.

«Nostalgia selektiboa»

Nostalgia oso selektiboa da eta gutxi dira austrohungariar Inperioaren ahuldadeak, errepresio politiko eta soziala, eta bere agintepean zituen beste herrienganako mespretxua gogora ekartzen dutenak.

2010etik ekainaren 4ero gogoratzen den urteurrenean hungariarren biktimismoa, «galera eta sufrimendua», dira nagusi.

Gaur bertan ere, Budapestetik 200 kilometrora, Errumaniarekin eta Serbiarekin muga egiten duen Kubekhaza herrian banderak haga erdian jarri dituzte. Baita Trianongo Museoan, hiriburutik 100 kilometrora.

Aberriaren Batasunari monumentuaren inaugurazioa abuztuaren 20ra arte atzeratu da, Hungariako Aberri Egunera.

Hala ere, gaur arratsaldeko 4.30ean herrialde osoan minutu bateko isilune eta geldiunea iragarri dute dolu moduan, baita ere oposizioak gobernatzen duen Budapest hirian.