Amalur ARTOLA

Donostiako Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharra izango dira formatu handira itzultzen lehenak

Ostiralean ateak ireki eta oihalak jasoko dituzte Donostiako Victoria Eugeniak eta Antzoki Zaharrak; Euskal Herrian formatu handira itzuliko diren lehen aretoak izango dira. Zea Mays-ek estreinatuko du Victoria Eugeniako oholtza, kontzertu berezi batekin.

Zea Mays izango da Victoria Eugeniako oholtzara igotzen lehena. (Iñigo URIZ / FOKU)
Zea Mays izango da Victoria Eugeniako oholtzara igotzen lehena. (Iñigo URIZ / FOKU)

Urak bere bidea egiten du apurka-apurka, eta kultura ere badoa lehorteari astinaldia eman eta erritmoa hartzen. Argitaletxeak izan ziren, liburu-aurkezpenekin, itzulera markatzen hasi ziren lehenak, eta atzetik etorri ziren liburu-denda, liburutegi eta museoak. Orain, aretoen txanda iritsi da. Ez dute erraza: edukiera mugek eta hartu beharreko osasun neurriek markatuko dute itzulera, horiek zehaztuko baitute programazioak ekonomikoki jasangarriak izatea.

Bide horretan, hiriburu gipuzkoarra izango da froga egiten lehena. Jon Insausti kultura zinegotziak astelehen honetan prentsaurrean iragarri duenez, Donostia Kulturak kudeatutako bi areto nagusiak, Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharra, izango dira ateak ireki eta oihala jasoko duten lehenak. «Zuzeneko kulturara bueltatu nahi dugu eta berriro ere gure publikoarekin topatu gure ekipamenduetan», azaldu du Insaustik, eta topaketa «ezberdina» izango den arren egoera berrira «ohitzen hasteko unea» dela ziurtatu du. Hala, ‘Kultura osasunez gozatu’ leloa izango da ekaineko programazioaren iparrorratza, eta ostiral honetatik aurrera 3 kontzertu, 3 antzezlan eta 6 zine emanaldi eskainiko dituzte lelo horren pean.

Ostiralean, hilak 12, abiatuko da ofizialki programazioa, Zea Maysen kontzertu berezi batekin. «Keinu bat egin nahi genien etxeko sortzaileei, zuzeneko musikari omenaldia eginez», nabarmendu nahi izan du Insaustik. Ekainean zehar McEnroe eta Lou Topet taldeek ere kontzertu bana eskainiko dute. Antzerkiaren arloan, Ramon Agirre izango da Antzoki Zaharra estreinatzen lehena, eta Harri Orri Ar-en ‘El patio de mi casa’-k (DFerian bertan behera geratu zen obra) eta Jordi Galceran-een ‘Palabras encadenadas’-ek osatuko dute ekaineko eskaintza. Zinemari dagokionez, Giza Eskubideen Zinemaldiko programazioa berreskuratuko dute, Larrotxeneko Bideoaldiaren gala ere izango da eta baita Bang Bang Zinemako saioak ere.

Ekainaren 10ean lehen froga: ‘0 Gala’

Programazioa ofizialki ostiralean, hilak 12, abiatuko bada ere, ‘0 Gala’ bat egongo dela ere iragarri du Insaustik. «Osasun langileei azken asteetan egindako lana eskertzeko gala izango da», ziurtatu du, eta Donostia Kulturari «motorrak berotzen hasteko eta kultur esperientzia nolakoa izango den frogatzeko» ere balioko diela zehaztu du, «jendeak ikus dezan neurri batzuekin kultura oraindik atsegina izan daitekeela». Gala horretan Aitziber Garmendia, Sara Cozar, Igor Calonge, Kresala dantza taldea eta Orfeoi Gaztea igoko dira Victoria Eugeniako oholtzara, 19.00etatik aurrera.

Neurriei dagokienez, Insaustik zehaztu du dekretuz %60ko edukiera onartzen bada ere, Donostia Kulturak %50era murriztuko duela. Horretarako eserlekuak kenduko dituzte eta antzokiek «itxura zeharo ezberdina» izango dute. «Aretoa betetzearen sentsazioa gazi-gozoa izango da, baina ilusio handia dugu», esan du.

Segurtasun neurriei begira, sarrerak zenbatuak izango dira eta publiko zein langileen zirkulaziorako protokoloak finkatuko dira. «Etxeko langileak argiak jartzen ari direnean protokolo bat jarraituko dute, sarrera propioak izango dituzte, edateko botila propioak, zirkuituak markatuak egongo dira, ukitzen diren gauza guztiak garbituko dira… prozesu guztiak zatitu eta atal bakoitzeko protokolo bat zehaztu dugu», ziurtatu du.

Publikoari begira, antzokien kanpoaldean abiatuko da protokoloa. Kanpoaldean ilarak markatuta egongo dira eta 2 metroko distantzia zaintzen dela ziurtatuko dute hainbat langilek; sartu aurretik oinak lanpasean garbitu beharko dituzte desinfektatzeko eta eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu; eta nahi duenak eskuragarri izango du tenperatura hartzea (ez da derrigorrezkoa izango). Ateak 30 minutu lehenago zabalduko dira eta ikuskizunak amaitzean megafoniatik emango dituzte aretoa husteko argibideak. Insaustiren hitzetan, «hasieratik bukaerara dena ondo egiten saiatuko gara, eta publikoarentzat atsegina izan dadila, protokolo horiek egonda ere zuzeneko kulturaz gozatu daitekeela frogatuko dugu».