Naiz
Gasteiz

«Kulturaren hileta» irudikatuko dute larunbatean Lakuan

Kulturaren sektoreak kolpe handia jasan du pandemia honetan. Orain, deseskalatze fasean instituzioak profesionalekin harremanetan jartzea eskatzen dute, denen artean neurririk egokienak hartu ahal izateko, kultura hiltzen bada gizartea ere hiltzen dela uste dutelako.

Apirilean kulturako langileek greba egin zuten euren egoeragatik kexaka. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Apirilean kulturako langileek greba egin zuten euren egoeragatik kexaka. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Kultura Plataformak (Kupla) kulturako langileei zein kultura babesten duen edonori zabaldutako deialdi bat prestatu du larunbaterako. Ekainaren 13an «Kulturaren Hileta» irudikatuko dute Gasteizen, Lakuako gobernuaren egoitzan, ‘Kulturarik gabe ez’ lelopean.

Bi hitzordu egin dituzte; lehena, 11.00etan Gobeo Hotelaren parean kotxearekin joango direnak, auto karabana bat egiteko. Eta 11.45etan zuzenean Lakuara joango direnekin elkartuko dira. Han, 12.00etan denek batera hileta bat antzeztuko dute hilkutxa eta guzti. Furgoneta batetik aterako dute «kultura hila» eta Gobernuaren eraikinaren parean utziko dute.

Kupla plataforma kulturaren sektorearen egoerari erantzuteko sortu da. Plataformak teknikariak, artistak eta enpresak jasotzen ditu, alegia, kultura eta sormen industriarekin zerikusia duten pertsonak.

Alarma egoeran kulturgileek salatu izan dute behin baino gehiagotan beraiek izan zirela lehenak aktibitatea gelditzen eta azkenak izango direla normaltasunera itzultzen, eta horregatik instituzioekin harreman zuzena izan nahi dute beraien neurriak adostu ditzaten, eta beraien iritziak eta ekarpenak kontutan izan ditzaten.

«Eskatzen dugu gure sektorea kontsultatzea protokoloak egiteko orduan, gaur egun ematen diren egoera kontrajarriak eman ez daitezen. Konturatu behar dira irekitzeko baimena ematen digutela baina ez jarduera berreskuratzeko aukera, gure profesionalak egoera oso larrian eta inolako babesik gabe utziz», salatu du Kuplak.

Era berean, euren eskarmentua eskaini nahi dute «denon artean abagune honetatik ateratzeko», kultura salbatu eta horretan diharduten pertsonak eta hauek sortzen duten ekonomi-egitura babesteko». Izan ere, uste dute kulturarik gabe gizarterik ez dagoela: «Ez dago ezagutzarik, ez dago etorkizunik; eta sektore antolatu eta dinamiko bat gabe gizartea hil egiten da».

Larunbatean «kulturaren eta gizartearen hileta» irudikatu nahi dute, pandemiaren «biktima ikustezina» izan dela uste baitute. «Suspertzen eta era berean sendoagoa egiten lagundu gaitzazue. Langile guztiak, artistak, musikariak, enpresak eta erakunde publikoak inplikatuz lortuko dugu!!», zabaldu dute.