Teknikariok kolektiboak bere burua aurkeztu du gaur goizen Bilborocken. Laster sindikatua bihurtuko den ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek osatutako elkartea da, eta haien sektorearen erregularizazioa defendatzera eta, hala, beren lan baldintzak hobetzera datoz.
«Teknikariok oihalaren atzean beltzez jantzita gaudenak gara, lan prekarioak eta arautu gabeak dituztenak, lanaldi amaiezinak ditugunak, langileen estatutua lotsagabeki betetzen ez dutenak hain zuzen; WhatsApp-etik kontratatutako autonomoak gara; merkataritza kontratu gabekoak eta adibidez metalaren hitzarmenera enplegatutako langileak; frogak luzatzen direnean afaldu gabe geratzen garenak; erregimen erregulatzailerik ez dutenak gara, eta beraz sektorearen prekarizarioaren ondorioak zuzenean pairatzen ditugunak», esan dute beren egoera zein den ondo azaltzeko nahian.
Teknikariek gogoratu dutenez, duela astebete, zuzeneko arteen hainbat elkartek prentsaurrekoa eskaini zuten egungo egoera baloratzeko, eta sektoreak biziko diuen zailtasunei buruz ohartarazteko. Bertan zuzeneko arteen sektorearen «gehiengoa ordezkatuta» egon zela aitortu arren, teknikariak «alde batera geratu zirela» deitoratu dute.
Horregatik erabaki dute gaurko prentsaurrekoa ematea. «Errekonozimendu falta horrek beste behin ikusezin sentitzera eraman gaitu. Nahiz eta albistegiak ez ireki gure hitza entzutea beharrezkoa dela ikusten dugu», argitu dute.
Osasun egoeraren larritasuna eta osasun publikoa babesteko neurriak hartu beharra «ondo baino hobeto» ulertzen dutela adierazi dute baina, aldi berean, horrek langileen «babesgabetasuna» ezin duela eragin nabarmendu dute, «muturreko egoeretara eramanez edo zuzenean desagertzera kondenatuz».
Covid-19 pandemiak sortutako egoerarekin kulturako langileek haien «errealitate gordina» ezagutu dutela adierazi dute, eta ez zaiela «batere gustatu». «Normaltasun berria ezin da lan eskubide faltarekin etorri, eta aldizkako soldatapekoaren berezitasunak alde batera utzi behar dira», diote.
«Neurriak ezartzea behar dugu»
Krisi honen ondorioak «arintzeko bidean» Teknikariok elkartetik haien jarduera normaltasunera bueltatu arte udalek zein beste administrazio batzuek kulturarako dagoeneko onartuta dituzten partida ekonomikoen ehuneko jakin bat arlo horretara bideratzen jarraitzea eskatu dute.
Bestalde, sektorearen aldi bateko izaera arautzeko behar diren urratsak eman ditzatela eskatu diete administrazioei. «Eusko Jaurlaritzari tonbola bidez zozketatutako diru-laguntzekin gure isiltasuna erosi beharrean, gure beharrak behingoz entzutea exijitzen diogu, gure egoera zein gure familiena txarrera joan baino lehen. Neurriak ezartzea behar dugu», azpimarratu dute.
«Tarte fisikoa egon arren inoiz baino bateratuago gaude, egoera honi buelta emateko eta gure egoera guztiz aldatzeko antolatzen hasi gara. Gure momentua heldu da. Gu ikusten uzteko fokuari buelta emango diogu, bozgorailuan jarri eta soinu mahaitik bolumena igoko dugu gure ahotsa entzun dadin, duintasuna exijitzen dugu» adierazi du Teknikariok elkarteak.
Kultura sektorean batasuna
Teknikariok elkarteak kulturako langileek pairatzen duten egoera salatzen duen «edozein ekintza» babesten dutela utzi dute argi eta, horrenbestez, bat egin dute ekainaren 12an, 12.30ean, Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan burutuko diren deialdiekin eta ekainaren 13an Gasteizen, Lakuako Gobernuaren egoitzan egingo den ‘hileta martxa’rekin.