Asteazkena gero eta hurbilago dago eta, ondorioz, hurbilago baita ere Kirolbet Baskoniak eta RETAbet Bilbao Basketek hilaren 17ko 21.30etan jokatu behar duten euskal derbia.
Nahiz eta Valentzian jokatuko duten, nahiz eta harmailetan inor ere ez den egongo, euskal derbia izango da eta ez da gutxi, batez ere bertan jokatzeko aukera izango dutenentzat.
Eta norbaitek modu berezian biziko badu euskal derbia, Jayson Granger izango da hori. Aurtengo denboraldiko aurreneko partidan eskuin zangoko orpazurda hautsi ostean, inor gutxik usteko zuen denboraldian berriz ere jokatzeko moduan izango zenik, baina koronabirusaren krisiak eragindako atzerapenak batetik, eta bere ahaleginak bestetik, aukera emango diote Urugayko antolatzaileari jokora itzultzeko.
«Opari bat da niretzat ACB Liga hau amaitzeko bigarren aukera hau izatea», aitortu du igande eguerdian eman duen prentsaurreko telematikoan.
«Gogotik lan egin du honaino iristeko. Konfinamentu sasoian batez ere, asko sakatu dut ACB Liga berriz ere jokatzeko aukerarik izango balitz sasoian egoteko», esan du, eta bere hitzen arabera, «oso sentsazio onak» dauzka.
ACB Ligaren Azken Fase berezi hontan «ongi hastea ezinbestekoa» dela ebatzi du Grangerrek, derbiari dagokion garrantzia emateaz gain.
«Euskal derbiak beti dira bereziak. Miribillan galdu egin genuen, baina orain gure dinamika oso bestelakoa da. Orduko hartan beste dinamika baten geunden eta beste entrenatzaile bat genuen», esan du.
Hala ere, erabateko errespetoa erakutsi die beltzezko gizonei. «Denboraldi aparta egiten ari dira. Talde gisa ederki jokatu dute orain arte eta talentu handiko jokalariak dauzkate gainera», azpimarratu du.
Hala, «kontzentrazioa» eskatu du Hegoamerikako antolatzaileak, «aurreneko fase oso laburra da hau eta hanka sartzeko marjinarik ia ez dago», iritzi dio.
Zentzu hortan, Dusko Ivanovicek taldeari eman dion bultzada ere aintzat hartu du Grangerrek. «Dusko irabazlea da goitik behera. Taldeari %200a eskatzen dio eta halako torneo motzetan garaipen asko lortu ditu».
Ondorioz, jokalariek «behar bezala» erantzungo ore duten itxaropentsu azaldu da jokalaria, batez ere «talde jokorik onena egiteko gai» izango ote diren itxaropentsu.
Fisikoa, gakorik garrantzitsuena
RETAbet Bilbao Basketen aldetik, berriz, Ondrej Balvinek hitzegin du. Asteazkeneko derbiari begira eta Azken Fase guzti honi begira ere «fisikoa» da pibot txekiarraren ustez emaitza onak lortzeko gakorik garrantsitsuena.
«Maila fisikoa giltzarri izango da. Hamar egunetan bost partida jokatu behar ditugu eta ezin dugu hau edo hura irabazteko aukerarik egin. Partida guztiak irabazten ahalegindu behar dugu», esan du.
Garbi dago Bilbao Basket ez dela duela hiru hilabete zen talde bera. Ordura arte oso lehiakor azaldu da talde bizkaitarra eta orain ikusi egin behar maila hortan jokatzeko gai den.
Axel Bouteille lehiakortasun horren eredu zen billbotarren artean, Malagako Unicajak otsailean fitxatu zuen arte.
«Egia da Bouteille gabe gure taldea ez dela gauza bera», onartu du Balvinek, baina era berean «beste batzuek aurrerapauso handia eman dute Axel joan ondoren», azpimarratu du.
Baskoniari begira, Dusko Ivanovicen eragina nabarmendu du pibot txekiarrak. «Miuribilla ez zegoen Dusko Ivanovic beren aulkian eta Gasteiza iritsi denez geroztik, Baskoniak askoz ere agresiboago jokatzen du.
Miribillako partidarekin alderatuta, oso derbi desberdina izango dela uste dut, beraiek aldaketa asko egin dituztelako batetik, baina gu ere ez garelako orduko berberak», azaldu du.
Alabaina, Balvinek ez du partida bakarrean geratu nahi izan. «Bost neurketa ditugu aurrean; denak irabazi bezala, denak gal ditzakegu. Baina bestalde, ACB Liga halakoa da: ez dago partida erraz bakar bat ere», bota du.
Amaitzeko, Bilbon jarraitzeko kontratua luzatzearekin oso pozik azaldu da Balvin. «Jokalarien merkatua oso berzia izango da gertatu dena gertatu ondoren. Nire kasuan, berriz, eskaintza ona nuen, Alex –Mumbruk– jarraitu behar zuela banekien, ACB Ligaz gain Txapeldunen Liga ere jokatu behar dugu; oso ederki ari naiz pasatzen Bilbon eta hiria eta kluba oso gustuko ditut», azaldu du txekiarrak.
Miguel Ruiz gaztea, pozarren
Bestalde, Miguel Ruiz antolatzaile gaztea da Bilbao Basketen sorpresa nagusiena. 18 urteko bilbotarra Valentzian izango da eta 11 zenbakiarekin jokatuko du bizkaitarrak. Ondorioz, pozarren azaldu da hedabideen aurrean.
«Harro egoteko modukoa da norberagan entrenatzasileak konfidantza duela ikustea eta "beltzezko gizon" gisa Valentzian egon ahal izatea», aitortu du jokalari bilbotarrak.
«Beste erritmo hontan jokatzera iritsi nahian ahalegintzen ari naiz. Hala, ahal bezain beste ikasten saiatzen ari naiz, gauzak erraz egiten eta dudan guztia emanez», azaldu du.
Jonathan Rouselle postukide frantsesarekin oso harreman ona duela argitu du Ruizek, bestalde. «Entrenamenduaren ondoren jaurtiketak eginez geratu ohi gara biok. Asko ari zait laguntzen, aholkuak emanez, eta eskertzekoa da hori. Junior taldeko hainbatek lehen taldearekin entrenatzeko parada izan dugu eta gugan konfidantza hori badutela ikusteak lanean jarraitzeko gogoa areagotzen du», azaldu du bilbotarrak.
ACB Ligako Azken Fase honi begura, baikor azaldu da Ruiz. «Taldea nahikoa ondo prestatu delakoan nago eta lan ona egin dezakegula uste dut», esan du.