Amalur ARTOLA

Etxekoen bultzadak hauspotutako edizioa aurkeztu du Jazzaldiak

Egoerak hala behartuta, etxeko artisten abaroan hasi zen Jazzaldia bere 55. edizioa antolatzen. Iñaki Salvador, Oreka TX, Joseba Irazoki eta jaialdian ohikoak diren zenbait artisten parte hartzea ziurtatuta egin zuten Europarako deia, eta Mariza, Chano Dominguez, Javier Colina... batu dira egitaraura. Uztailaren 22tik 26ra ospatuko da.

Jazzaldiaren aurkezpena, Victoria Eugenian. (Jon URBE | FOKU)
Jazzaldiaren aurkezpena, Victoria Eugenian. (Jon URBE | FOKU)

«Zenbait unetan beltz ikusi dugu egoera, baina Jazzaldia egin egingo da. Hori da gaur notizia». Hitz horiekin ireki du Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak 55. edizioaren aurkezpena. Bere hitzetan, nazioarteko jaialdiak bertan behera geratzen ari diren une honetan Jazzaldia egin egingo dela berez da lorpen bat, baina ez du ezkutatu lorpen horrek sustengu bat behar izan duela aurrera egiteko, instituzioena, babesleena (ez Heinekenena, aurten bere izena eraman ohi duen jaialdia ez babestea erabaki baitu multinazionalak) eta, batez ere, tokiko musikariena. «Lokaletik europearrera eraikitzen joan den egitaraua aurkeztera natorkizue. Lehenik gertuan dugun jendearekin eta gure babesa behar duten musikariekin hasi baikara jaialdia eraikitzen, eta gero jo dugu nazioartera», jakinarazi du Martinek.

Uztailaren 22tik 26ra ospatuko da 55. edizioa, lau gunetan: San Telmo museoa, Kursaal jauregia, Victoria Eugenia antzokia eta Jazzaldiaren identitate-gune den Trinitate plaza. Zurriolako hondartzan ez da doako kontzerturik izango.

Victoria Eugenia antzokian abiatuko da Jazzaldia, efemeride erakargarri bati lotuta: aurten 100 urte betetzen dira Charlie Parker jaio zenetik eta Kansaseko saxofoi-jole handiaren ‘Jazz at Massey Hall’ diskoa, bebop-aren mugarritzat hartzen den obra, interpretatuko dute zuzenean. Beranduxeago, oholtza berera igoko da Lina portugaldarra, «aurtengo aurkikuntza handienetakoa» izango den kontzertu batean, Raul Refree kataluniarra lagun duela. Trinitate plazan, aldiz, Javier Colina iruindarraren Veinte Veinte taldea ariko da (Carmona, Serrano, Barrueta) eta  jaialdia ondo baino hobeto ezagutzen duen Chano Dominguezek itxiko du eguna. «Berea izan zen programazioa berregiteko jo genuen lehen ateetako bat», aitortu du Martinek.

San Telmo museoak piano bakarlariak jasoko ditu goizeko ordutegian (11.00). Uztailaren 23an, Bojan Z. serbiarrak irekiko ditu kontzertuak. Martinen hitzetan, oraintxe bertan Europan dagoen piano-jole bikainenetakoa da serbiarra, «pertsonala, publikoarekiko gertutasuna erakusten duena... Jaialdiaren apostu handienetakoa da». Victoria Eugeniak Anja Lechner eta François Couturier batuko ditu 12.30ean, jazza, musika klasikoa eta ekialdeko eraginak dituen proiektua aurkezteko, eta arratsaldea Chano Dominguez eta Iñaki Salvador-en hirukoak irekiko du. «Elkar topatze handi bat izango da», uste du Martinek. Gaua Oreka TX-ek eta Baionan sortutako Michel Portal New Quintet-ek itxiko dute, Trinitate plazan. Portalek Donostiako Jazzaldia saria jaso zuen 2018an eta boskote berriarekin dator.

Uztailaren 24ean Paul San Martin piano-jole donostiarra izango da San Telmoko protagonista eta Kursaalean Salvador Sobral-ek ‘Alma nuestra’, kubako boleroari omen egiten dion diskoa aurkeztuko du. Victoria Eugenian Chicuelo&Mezquida Trío ariko dira, eta Triniko oholtzan Fran Zapparen kantuak interpretatuko ditu Perico Sambeat saxofoi-joleak eta Benavent, di Geraldo eta Pardok itxiko dute gaua.

Mikel Azpiroz-ek 25ean aurkeztuko du bere hirugarren diskoa San Telmon, eta Victoria Eugeniara Jorge Pardo eta Iñaki Salvador igoko dira, oraingoan laukotean. Kursaalean Jazzaldiaren beste bi lagun, Silvia Perez Cruz eta Marco Mezquida batu dituzte eta Trinitate plazan Carles Benavente Trío eta Mariza portugaldarra ariko dira. Azken hau, Martinen hitzetan, «edizio honetako kontzertu berezienetakoa» izango da. Amalia kantari portugaldar handiaren fadoak interpretatuko ditu Marizak.

Jazzaldiak 26an itxiko du 55. edizioa. San Telmotik pasatzen azkena Joachim Kuhn piano-jola alemaniarra izango da, Joseba Irazoki nafarrak itxiko du Victoria Eugeniako egitaraua eta trinitate plazan beste efemeride bati helduko diote: Marco Mezquidak ‘Beethoven Collage’ kontzertua eskainiko du, musikagile alemaniarraren jaiotzatik 250 urte betetzen diren honetan. Bugge Wesseltoft norvegiarrak gidaturiko Rymden taldea izango da 55. edizioa itxiko duena.

«Tokiko taldeei espazio gehiago emateko beharra sentitzen dugu eta lanean ari gara berez Jazzaldian kontzertuak eskainiko zituzten horiek ere lekua izan dezaten», aurreratu du Martinek, eta horretarako formatu egokia bilatzen ari direla zehaztu du.

Sarrerei dagokienez, ostegunetik aurrera salgai egongo dira Kursaal eta Victoria Eugeniako saioetakoak, eta Trinitatekoetarako abonu kolektiboak sortu dituzte: 4 eta 6 pertsonarentzat izango dira, %30-40ko beherapenarekin. Uztailaren 1etik aurrera eskuratu ahalko dira Trinitate eta San Telmorako sarrera solteak. Azkenik, sarrera guztiak zenbatuak izango direla zehaztu du Martinek, «leku onenak hartzeko sortzen diren ilarak ekiditeko».