Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

‘Bidegileak’ bilduma itxitzat eman du Lakuak azken lau aleekin

Euskalgintzan aitzindari izan diren pertsona eta taldeen pentsaera, bizitza eta lana ezagutzera ematea da bildumaren helburua eta 1987an abian jarri zenetik 272 euskaltzale aletu ditu. Joxe Arratibel Zurutuza, Miren Jone Azurza Aristegieta, Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’ eta Xole Erbiti Arbilla dira azken protagonistak.

Elixabete Garmendia, Jose Luis Ormaetxea eta Alberto Barandiaran egileak, Estitxu Alkorta Euskara zuzendariarekin. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Elixabete Garmendia, Jose Luis Ormaetxea eta Alberto Barandiaran egileak, Estitxu Alkorta Euskara zuzendariarekin. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Ez da lan erreza 24-25 orriren bueltan euskarari eta euskalgintzari hainbeste eman diotenen bizitza eta ibilbidea jasotzea. Ez da erreza, ia ezinezkoa esango genuke. Ale intentsoak dira horregatik ‘Bidegileak’ bilduma osatzen dutenak. Eman eta egin zutenaren zuku konzentratua dute. Asteazken honetan aurkeztu ditu Tabakaleran Lakuako Kultura eta Hizkuntza sailak sustatzen duen egitasmoaren azken lau zenbakiak. Bilduma itxitzat eman dute azken hauekin.

Hala da, iragarri dutenez, 1987an abiatutako proiektuak hemen eta orain eman du azken hatsa, lau jakintsuren izenekin: Joxe Arratibel Zurutuza (Ataun, 1923-2011), Miren Jone Azurza Aristegieta (Donostia, 1929), Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’ (Donostia, 1929-2012) eta Xole Erbiti Arbilla (Ultzama, 1942-2009).

Estitxu Alkorta Euskara Sustatzeko zuzendariak aitortu duenez, azken ale hauek orain urtetxo batzuk idatzi ziren eta atzerapena zeramaten argitalpenean. Arazoak tarteko eta azkenean Covid-19a tarteko, «legealdia bukatzat eman aurretik ixtea lortu dugu», erantsi du. Bere ustez «ezin dugu ahantzi nondik gatozen, ezta nor garen ere», eta horretarako tresna baliagarritzat jo du 1987an jaio zen bilduma. Geroztik, 272 liburuxka argitaratu dira.

Euskaltzale bakoitzaren soslaia egilea batek osatu du. Elixabete Garmendia kazetaria murgildu da Miren Jone Azurza Aristegieta kazetariaren ibilbide oparo eta aitzindarian. Gogoratu duenez, bera izan zen titulua izan zuen lehen emakume kazetaria. «Hiru baldintza horiek betetzen lehen izan zen», gogora ekarri du. Era berean, hedabide bat zuzendu zuen lehen emakumezkoa izan zela aipatu du, 1969 eta 1975 urteen artean izan zen, ‘Zeruko Argia’n. «Aitzindaria zen, halabeharrez», berretsi du.

Maiz bildu ziren bi kazetariak liburuxka idatzi ahal izateko. Garmendiak aitortu duenez, asko tematu ondoren, eta ezezko asko jaso ondoren eman zion azkenean baiezkoa ideiari. Telefonoz hitz egin zuten azken aldietako batean, haserre omen zegoen Azurza. «Baita ondo haserre ere. Antza, testu bat idatzi nahi zuen ordenagailuan, eta honek eredu lehenetsi bat, predeterminatua delakoa ematen zion. Baina Azurzak ez zuen nahi eredurik, libre idatzi nahi zuen, orria zuria eta zabala nahi zuen», kontatu du Garmendiak, ondo islatzen omen duelakoan donostiarraren izaera.

Paisaia fisikoa Igeldo eta Donostiako Antiguo auzoa zituen, paisaia politikoa eta kulturala berriz euskalgintza eta abertzaletasuna. Lau anai arreben artean txikiena, eta emakumezko bakarra, aita maisu errepresaliatua izan zen, klaseak ematea debekatu zitzaion; ama, telefonista zen, eta aitaren egoeraren ondorioz, ezkondu ondoren etxetik kanpo lanean segitu zuen.

‘Deia’ egunkariko erredaktore, 1990tik 1996ra Setien gotzainaren prentsa-arduraduna izan zen. Hamarkada horren gordintasuna gogora ekarri du Garmendiak, baita gotzainak Madrildik prentsan jasotzen zituenak ere. «Setienek erantzunak eskuz egiten zituen, orri zurian. Edozein zela ordua eta eguna, Azurzak faxez bidaltzen zituen prentsara», oroitu du. Kazetari donostiarra Historian ere lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatea, eta ohorezko euskaltzain izendatu zuten 2018ko apirilaren 27an. Idatzi zenetik argitaratu den arte aleak izan duen atzerapena tarteko, ordea, zenbait gauza, izendapenarena kasu, ez daude jasota, ohartarazi du egileak.

Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’ zenaren soslaia Jose Luis ‘Txipi’ Ormaetxeak osatu du, ‘Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi. Gizon polifazetikoa eta intelektual osoa’ deitu duen liburuxkan. Pentsalari donostiarraren alde guztiak bildu eta azaldu dituen arren, politika kontuak alde batera utzi gabe, «ezin dugu ahaztu Txillardegiren motor nagusia hizkuntza zela, euskara. Esango nuke euskara dela bere lan, borroka eta jarduera guztien gunea», esan du.

Hala ere, Txilardegirekin egin ziren «bi injustizia eta bi zor» azpimarratu nahi izan ditu egileak: «Bata, euskaltzain oso izendatu ez izana, eta Gasteizeko Filologia fakultateko ateak ireki ez izana, lana eskaini ez izana», tamaldu da. Irakasle bezala jantzia, saiatua eta maitagarria zen, ertz asko zituen», gogoratu du. 

Ormaetxeak Joxe Azurmendiren esaldi bat hartu du Txillardegi definitzeko: «Ni euskal mundura iritsi nintzenerako planteamendu garrantzitsuenetakoak eginda zeuden. Txillardegi da, nire ustez, bide-urratzaile nagusia, eta intuizio erabakigarri guztiak eduki dituena. Harekin hasten da martxa bat, Gerraosteko euskal munduaren belaunaldia».

Beste emakume baten ibilbidera ere hurbildu da bilduma: Xole Erbiti Arbilla, Nafarroako administrazioan, Hezkuntza sailean, lehen Euskara teknikaria izan zen, eta gainera emakumea. Gaur egun bere postua betetzen duen Alberto Barandiaran teknikariak idatzi du alea. Bere pertsonalitatea azpimarratu ditu, irakaskuntzan aritzeko zuen zaletasuna eta batez ere euskarari zion maitasuna. Euskaraz bizi zen eta borroka hura ez zuen inoiz utzi. Inteligentea eta argia, Ogasunean aritzeko oposaketa batzuk gainditu zituen, baina Kanariar uharteera bidaliko zutela ikustean, uko egin zion. Euskal Herria maite zuen. 1973an beste oposaketa batzuk gainditu zituen, euskara teknikari izateko.

Magisteritzan eta Zuzenbidean lizentziaduna, ikastolen sorrera gogotik bultzatu zuen eta euskarazko kazetaritzaren aitzindarietako bat izan zen. Bere senitartekoek gaur hunkituta jarraitu dute bertatik alearen aurkezpena.

‘Kontalari aparta, ahozkotasunaren gordailu paregabea’ izenburua jarri dio Miel Anjel Elustondok Joxe Arratibel Zurutuza idazleari buruz idatzitako aleari. Egileak ezin izan du aurkezpenean egon, baina zertzelada batzuk eskaini dituzte. Fraide beneditarra ere bazen eta «kontalari aparta» zen, ‘Kontu zaharrak’ liburuan erakutsi zuen moduan: «Desagertzeko zorian dagoen kontalarien espezieko kide miresgarria izan zen», erantsi dute. Ataunen jaioa 1923an, hainbat urtez Estibalitzeko fraidea izan zen. Haurtzaroan etxeko eta auzokoengandik ipuin zahar asko entzun eta ikasi zituen, eta Jose Maria San Sebastian Latxaga apaizak eskatuta, istorio horiek idazten hasi zen.

Hainbat liburu ditu argitaratuak: aipatutako ‘Kontu Zaharrak’, ‘Mari Xor eta beste’ eta ‘Dirua neurtzeko ontzia’, besteak beste. 2008an plazaratu zuen ‘Izugarriak’, bere azken lana izan zen, 2011an zendu aurretik argitaratua.