Dabid Lazkanoiturburu

Ipar Koreak tropekin erantzun dio Hego Korearen elkarrizketa proposamenari

Bezperan bi Koreen arteko Lotura Bulegoa suntsitu ondoren, Pyogyangek tropak bidali ditu mugara. Ipar Koreako agintariaren arrebak, Kim Yo-jong-ek, ez du Seuleko ordezkaritzarekin hitz egin nahi. Emakume horren pisua gero eta nabariagoa da erregimen dinastikoan.

Ipar Koreako soldaduak desfile batean. (Ed JONES/AFP)
Ipar Koreako soldaduak desfile batean. (Ed JONES/AFP)

KCNA Pyongyango agentzia publikoak jakitera eman duenez, Kim Jong-un agintari gorenaren arrebak, Kim Yo-jong-ek, soldaduak mugara itzularaziko dituela eta ez duela Seuletik bidalitako ordezkaritzarik hartuko iragarri du.

Hego Koreak tentsioa baretzeko proposamena luzatu zion Ipar Koreari Pyongyangek bi herrialdeen arteko Lotura Bulegoa suntsitu eta gero.   

Kim Yo-jong-ek bere haserrea agertu du Moon Jae-in Seulgo Gobernuko presidenteak ekintzaile iparkorear disidenteek Pyongyang-en aurkako panfletoak bidaltzeagatik barkamenik eskatu ez duelako.

Seulgo Gobernuak salatu izan du ekintzaileen propaganda-globoen jaurtiketa eta kritika gogorrak entzun behar izan ditu oposizioaren aldetik.

Hala ere, azken orduetan propaganda mota hori debekatu egingo duela agindu du, Hego Koreako eskubide politikoak urratzen baditu ere. Bide batez, globo jaurtitzaileen aurka egingo duela iragarri du.

Baina hori ere ez da nahikoa Pyongyanentzat.

«Konfidantza eta arinkeria»

Horrela, bada, Hego Koreak ez du ere bere haserrea ezkutatu, batez ere Kim Yo-jong-ek Seulek egin zion elkarrizketarako proposamena publiko egin duelako.  

«Ez dugu elkarren arteko konfidantza hausten duen beste arinkeriarik onartuko», azaldu du Hego Koreako Presidentziaren eledunak, Yoon Do-han-ek.

Bi estatuen arteko krisiak agerian utzi du Kim Yo-jong, teorian Koreako Langileen Alderdi bakarreko Komite Zentralean ordezko kidea baino ez dena. Hala ere, bere neba den Kim Jong-un agintari gorenaren aholkularirik gertuenetarikoena da eta «de facto» Gobernuaren burua emakume hori da.

Martxotik hona gero eta agerraldi publiko gehiago egin ditu eta, koronabirusaren krisiaren testuinguruan Kim Jong-un-en osasunari buruzko zurrumurruak barreiatu zirenean, bere ondorengo gisa aurkeztu zuten Mendebaldeko komunikabideek.

Argi dagoena zera da, bera dagoela Hego Korearekin tentsioa areagotzeko estrategiaren atzetik.  Eta Kim Jong-un-en babes osoa duela, biek oso harreman estua baitute.

Sinesgarritasun kontua

Aditu batzuen ustez, estrategia horren helburua Kim Yo-jong-ek Armadaren eta Erregimenaren «zapelatzen» aurrean duen sinesgarritasuna sendotzea litzateke.

Momentuz, Ipar Koreako Armadak baieztatu egin du tropak bidaliko dituela Kaesong hirira (hegomendebaldean) eta Kumgang mendira (hegoekialdea). Bi eremu hauek desmilitarizatu egin zuten 2018ko iraileko gailurraren ostean eta egun bertan behera utzita dauden elkarlanerako proiektuak hartzen zituzten duela gutxira arte.  

Gailur hura historikoa izan zen oraindik gerran jarraitzen duten bi estatuen artean (1950-1953 urte arteko gerra su eten batek eten zuen, ez bake akordiorik).

Mugan postu militarrak berreraiki eta era guztietako proba eta entseguak berreskuratuko ditu Ipar Koreako Armadak.

Hego Koreakoa oso kezkatuta agertu da erabaki horren ondoren, «azken 20 urteetan harremanak hobetzeko eta Penintsulan bakea mantentzeko lan guztia zapuzten duelako».

Probokazioak eta arriskuak

Adituen ustez, Pyongyanek propaganda-globoen jaurtiketa profitatu du bere presioa areagotzeko, batez ere 2019ko otsailean egin zen Hanoiko gailurraren porrotaren ostean.

Donald Trump AEBetako presidenteak azken urteetan auzia konpontzeko diplomaziaren hautua egin badu ere, Washingtonentzat ez da nahikoa Pyongyang-ek desarme nuklearraren inguruan agindu duena eta ez du zigor ekonomikoak altxatu.
Ordutik hona, Pyongyangek bere tonoa altxatu du, Seulen eta Washingtonen kontra. Zigor ekonomikoek bere ekonomia kaltetu egiten dute eta pandemiak, gainera, egoera okertu egin du.

Analistekin jarraituz, Ipar Koreak apika apika probokatzea erabaki du. Hego Koreari presio egiten dio, baina batez ere nazioarteari, AEBei, begira. Trump da mezuaren azken jasotzailea.

Estrategia horrek, hala ere, baditu arriskuak. Eta ez bakarrik Hego Korea sutan jartzen duelako.

Pyongyang-ek korearren arteko kontuetatik bere eskuak kentzeko exijitu dio Washingtoni, bestela hauteskunde presidentzialetarako kanpainan bete batean sartuko dela mehatxu eginez.  

Koreako auzia lorpen-demokratiko bezala aurkeztu duen Trumpek ez du bere momenturik goxoena bizi, koronabirusaren krisia eta arrazakeriaren aurkako matxinada direla eta.

Hala ere, argi utzi dio Etxe Zuriko maisterrak Kim Jong un-i –eta bide batez Kim Yo-jong-i–, beste froga nuklear bat egingo balute edo beste kontinenteen arteko misil bat jaurtiko balute, marra gorri guztiak gaindituko lituzketeela.