Naiz

Jose Mari Zabala izango da San Telmoren Museo Bikoitza programako hurrengo artista

Erlea Manerosek bere proiektua ezin izan du amaitu oraindik koronabirusa dela-eta, beraz San Telmo Museoak uda pasa arte itxaron beharko du emaitza ikusteko. Hala ere, proiektuan parte hartuko duen hurrengo artista aukeratu du jada, bere lekukoa hartu dezan: Jose Mari Zabala izango da.

Irudiaren erdian, Jose Mari Zabala eta Erlea Maneros, San Telmo Museoan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Irudiaren erdian, Jose Mari Zabala eta Erlea Maneros, San Telmo Museoan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Donostiako San Telmo Museoak iragarri du Museo Bikoitza esku-hartze programaren hurrengo artista gonbidatua Jose Mari Zabala (Irun, 1949) izango dela, Erlea Maneros Zabalak (Bilbo, 1977) hala hautatuta. Koronabirusaren krisiaren ondorioz, ezinezkoa izan da Manerosek bere lana ekainerako amaituta izatea. Horregatik, uda pasa arte itxaron beharko du museoak sorkuntza prozesu horren emaitza ezagutzeko, baina bitartean, proiektuaren hurrengo edizioan lanean hasiko den ondorengo artista aurkeztu du.

Museo Bikoitza programaren ezaugarrietako bat da edizio bateko artistak hurrengo ediziokoa gonbidatzen duela proiektuan parte hartzera. Hala, Maneros Zabalak Jose Mari Zabala hautatu du eta hurrengo urtebetean Irungo artista arituko da Museo Bikoitza proiektuan lanean.

«Azken 12 hilabeteetan Ibon Aranberrirekin lan egin dut Museo Bikoitzarako nire proiektua ikertzen eta garatzen, eta bidaia horretan argi geratu da artisten arteko elkarrizketak eragin handia duela sortzen den proiektuaren izaeran, eta baita Museo Bikoitza osoaren norabideari forma ematen diola. Nire kasuan, pairatzen ari garen osasun-larrialdia dela eta, prozesua luzatu egin da eta udazkenera atzeratu da. Nire artelanaren ekoizpena eta nire koordinatzaile papera gainjarriko diren egoera batean aurkitu naiz», azaldu du Erlea Manerosek.

Esan duenez, otsailean Euskal Herrira itzuli zen proiektu honi buruz ikertzera eta Estatu Batuetan bere estudiora eramateko materiala biltzera. «Zirkunstantziek ez didate itzultzen utzi, eta ustekabeko egonaldi luze batean nengoen hemen, urte askoan nire lantokia izan denetik urrun. Horren ondorioz, 1994an alde egiteko, eta, Eskozian lehenengo eta Kalifornian 2001az geroztik, beste leku batzuetako narratiba politiko, historiko eta estetikoei heltzeko arrazoiei buruzko introspekzio bat egin dut», argitu du.

«Proiektuan lekukoa hartuko duen pertsona bat aukeratzeko erronkari aurre egin behar izateak dimentsio pertsonala hartu zuen niretzat, eta Jose Mari Zabalaren irudiak hartu zuen fokua», aitortu du artistak. Soinu esperimentalari egindako ekarpenak, filmek eta bideo-lanek euskal eta estatubatuar testuinguruak hartu ditu kontutan.

Museo Bikoitzan parte hartzeko gonbidapena jaso zuenean, nahiz eta museoaren bildumaren edukia bere ondare kulturalaren parte izan, San Telmo Museoa eta bere bildumako irudiak «oroitzapen urruna» ziren Manerorentzat. Jose Mari Zabalaren kasuan kontrakoa gertatzen da, euskal irudi etnografikoekin lan asko egin du eta San Telmoko bildumako objektu espezifikoak ere erabili ditu. Esaterako, Argia dantza taldearen aurreneko posterra diseinatu zuen 1969an museoko oihal funerario batetik abiatuta. «Uste dut oso itxaropentsua dela testuinguru hori berriro bisitatzea eta bere egungo begirada eta ikuspuntua aplikatzea», adierazi du.

Jose Mari Zabala izango da, beraz, Museo Bikoitza proiektuan Ibon Aranberrik eta Erlea Manerosek egindako lanari jarraipena emango diona, bere ekarpenarekin proiektua aberastuz. Honek hainbat formatu artistiko ditu, hala nola pintura, marrazketa, argazkigintza, zinema, bideoa eta soinu-ekoizpena. Formatuen arteko ibilbide hori arrazoi biografiko eta estetikoek zehaztutako kohesio logiko baten emaitza da. Zentzu horretan, artista marrazketa eta soinuarekin hasten da, argazkigintzara eta zinemara pasatzeko eta, geroago, bideora, pintura barne. Urrats hori ez da denbora-norabide bakar baten bilakaera, baizik eta loturak, zirkulazioak eta etenak eragiten ditu, eta, horrela, obra aberatsa ezartzen da, bai formalki, bai gaika.