Maite Ubiria
Interview
Iker Etchepare
Bayonne Ville Ouverte zerrendako kidea

«Gure programak gauza sinpleak eta ekimen hurbilak hobesten ditu baionarrentzat»

Iker Etcheparek Seaskan egin zituen bere ikasketak Lekornen bere familiak duen enpresaren segida hartu aitzin. Henri Etcheto sozialista buru duen Bayonne Ville Ouverte zerrendako kide gazteak esperantza du 2014an gertatu ez bezala «igande honetan ezkerraren zerrenda bakarra egongo denez, jendeak espero duen aldaketa gertatuko dela».

Iker Etchepare hautagai baionarra. (Guillaume FAUVEAU)
Iker Etchepare hautagai baionarra. (Guillaume FAUVEAU)

Lehenik eta behin nahi nizuke eskatu zure buruari buruz aurkezpen txiki bat egitea.
Nire familia Lekornekoa da baina betidanik Baionan bizi izan naiz. Euskaldunen plazan bizi naiz gaur egun. Bernat Etxepare lizeoan ikasi nuen eta ondoren Bordelen gestorea izateko ikasketak burutu nituen. Familiaren enpresan nabil, laborantza edo alokatutako etxebizitzaren sektorean, besteak beste, lan eginez.

Henri Etcheto buru duen zerrendakide gazteenetariko bat zara. Nola eman zenuen urratsa herriko bozetan engaiatzeko?
Beti interesa izan dut politikari buruz. 2014an, 18 urte nituela, gaizki bizi izan nuen nola ezkerreko zerrenda ezberdinek ezin izan zuten ados jarri. Horren ondorioz, boto gutxirengatik, Baionako alkatetza eskuinaren esku gelditu zen. Geroztik ikusi dugu emaitza: obra handiak eta oro har jendearen beharrekin bat etortzen ez diren proiektuak nagusitu dira.

Badira sei urte bezala buruz burukoa izanen da bigarren itzulian. Zer aldatu da, zure irudikoz, orduan Etchetok lortu ez zuen garaipena igande honetan gertatzeko?
Aldaketa inportantea bada. Heldu den igandean ez ditugu gehiago abertzaleak bigarren itzulian. Beraz ezkerraren zerrenda bakarra izanen da. Jakin behar da akordioa landu dugula ezkerreko hiru zerrendekin. Alta, maleruski lan horren ondotik, 2 boz eskas, akordio hori ez zen pasa Baiona Berdea eta Elkarkidea zerrendaren asanblean. Zubiak egin dira, hurbilpenak izan dira, eta horrek aitzinamendu handia ekarri duela esango nuke. Ni optimista naiz.

PS ordezkatzen duen eremuan gorabeherak izan dira azkeneko legealdian. Bigarren itzulirako, ordea, Etcheto buru duen udal taldetik alde egin zuen Mathieu Berge berriro ere zuekin batera aurkeztuko da. Boto-emaileek sinetsiko dute haustura horren ostean bigarren itzuliaren atarian berriz akordioa egitea?
Uste dut baionarrek hasieratik ez zutela ulertu Berge eta bere lagunak 2014an gurekin izan ondoren, haien postuak izan ondoren, mandatu erdian alde egiteko hautua egitea. Euskal Elkargoari buruz ikuspuntu ezberdinak baziren, baina, oro har nire ustez herritarrek ez zuten haustura ulertu. Aliantzari esker esperantza piztu da berriz.

Jean-Rene Etchegaray jarduneko auzapezak azkeneko urteotan engaiamendua hartu du abertzaleendako garrantzia handia duten aferetan: bakearen aldeko dinamika edo Euskal Elkargoa bultzatuz. Zuen hautagaitzak zer proposatzen du afera horiei buruz?
Guk programa aurkeztu dugu eta gauza anitzetan –ingurumena, politika sozialak, demokrazia parte-hartzailea..– ahal da hurbipena egin. Gero badira beti aurreiritzi horiek. Euskal Elkargoari buruz etabar. Ez dut gehiegi maite hainbat aferekin bilatzen den polarizazioa. Behar da denon artean lan egin geroari begira. Halere, egia errateko, kanpainian zehar egin dugun atez ate horretan nehork ez digu deus aipatu Euskal Elkargoari buruz. Guk erranen dugu hor zerbait eskas dela. Gure ustez dena berrikusi behar da. Urruntasun handia dagoelako herritarren eta Elkargoaren artean. Gero, bistan da, abertzaleek ahalmen gehiago eskatzen dute. Euskal Elkargoak hamar konpetenzia hartu ditu bere gain. Guk esaten dugu goazen hamar ahalmen horiek ondo kudeatzera.

Zure erantzunaren arabera ondorioztatu daiteke Etcheto ez dela gehiago Euskal Elkargoaren kontra baina auzian ematen duela erakunde horren ibilbidea? Aski kontsentsuala izan da, halere, ibilbide hori.
Ez gaude kontra. Esaten dugu herritarrek behar dutela interesa atzeman, behar dutela sentitu zendako dagoen erakunde hori. Barnealdeko herrien kasuan, esaterako Lekornek, ordezkari bat izanen du Euskal Elkargoan. Nola nahi duzu gauzak aitzinaraztea ? Dena Baionan pasatzen da, teknokrazia bat sortu da.

Eredu deszentralizatu bat defendatzen duzue ?
Bai, eskualdeko poloak berriz ere indartzea aipatzen dute orain. Gu ados gira. Guk gauza sinpleak, errazak, hurbilak lehenesten ditugu. Ados, orain badugu etxe amankomun bat, goazen beste molde batean denok elkarrekin gauzak egitera.

Herriko Etxeak behar luke euskara plana ausartagoa indarrean eman eremu publikoan bereziki euskararen erabilpena bultzatzeko?
Plangintza bat bozkatua izan da baina ez da denetan aplikatzen. Edozein eremu publikotan behar da indarra egin. Badugu lana, baina lasai gaude, gure zerrendan adituak baditugu: Mathieu Berge Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) lehendakaria izan zen eta Mixel Esteban gure ondoan da, eta berak Biarritzeko euskara plana plantan emateko lan egin zuen. Elebidun sarea ahal da garatu, mugaz gaindiko aukera ere hor dago. Gu horren alde gara.

Covid-19ari loturiko pandemiak krisi ekonomiko eta sozial sakona ekarriko du. Herriko Etxetik zer egin daiteke elkartasun sozialaren eremuan?
Jean-Rene Etchegarayen mandatuan edozein apaintze txiki jartzeko animaleko gastuak egin dira. Hala gertatu da Tram’bus-arekin, baina abonu erreserba %60ra ez da iritsi. Bestalde, gure ondare komuna saldua izan da. Ezkerreko edozein jende ados da bilan horrekin: Espagne karrika, auzitegia, luxuzko hotelak, Seque auzoa.. adibide anitz badira. Politika horren aurrean, guk defendatzen dugu eguneroko zerbitzuetan indarra jarri behar dela. Gaur egun biztanleek bakarrik proiektu erraldoiak ikusten dituzte, beste beharrak hor dira, ordea. Etxebizitza sozialetan aitzindaria izan zen Baiona, baina orain promotore pribatuek agintzen dute. Etxebizitza sozialen tasa %30ra igotzea nahi genuke, gazteen aldeko neurri bereziak hartuz. Lehen erran bezala, gure programak gauza sinpleak eta hurbileko egitasmoak hobesten ditu.