Idoia ERASO

Udal hauteskundeen bigarren itzulia ere, covid-19arekin eta beldurrik gabe

Udal hauteskundeetako bigarren itzulia da gaur Ipar Euskal Herrian, eta martxoaren 15eko lehen itzulian bezala, covid-19a, bozkalekuetatik kanpo, karriketan ia ikusezina da. Ziburun merkatu eguna da, eta ez erosleen ez saltzaileen artean ez da ia maskararik ikusten, bozkalekura ailegatu arte. Urruñan berdintsua da egoera, eta antzekoa ere abertzaleen itxaropena, auzapezgoa irabazteko aukera handiak baitaude bietan.

Herriko Etxeetako bozak osasun neurriekin iragan dira. (Guillaume FAUVEAU)
Herriko Etxeetako bozak osasun neurriekin iragan dira. (Guillaume FAUVEAU)

Urruña eta Ziburun Herriko Etxeak bozkatzeko gune ere badira, eta biak, herriaren erdialdean izanik, jendearen elkargune ere badira. Eguraldi goxoak lagunduta, jende andana dago bata zein bestearen inguruan, eta maskarak ia ikusezinak dira. Musukoarekin ibili beharrean etxean gelditu direnen abstentzioa izan daiteke, karriketan ikusten ez den beldurraren adierazle.

Plazetan ez bezala, udaletxeetan Gobernutik ezarritako osasun neurriak egoki betetzen dira. Bozkalekuan ezin dira hiru pertsona baino gehiago izan; eskuak garbitzeko gela bat dago, sartzean zein ateratzean; sinatzeko boligrafoa eskaintzen dute etxetik eramaten ez dutenentzat, aldiro garbitzen dena; eta maskarak ere badira eramatea ahazten duteneni emateko, nahiz eta gutxiengoa diren. 



Lapurdi kostaldeko bi herrietan aldaketa historikoa izateko aukera dago, auzapez abertzalea izaten ahal baita bietan, lehen aldiz. Ziburun, berdeekin egindako aliantzarekin, ia ziurra da Eneko Aldana Douaten garaipena, lehen itzuliko %44, 67a kontuan hartzen bada eta atzetik duen Isabelle Dubarbier-Gorostidik %17,17k besterik ez zuela lortu jakinik. Urruñan Philippe Aramendik irabazteko aukerarik badu, lehen itzulian garaile izan baitzen bozken %40,83rekin. Gibeletik zituen Francis Gavilanek eta Sebastien Etchebarnek. %30 inguru lortu zuten.



Horrek suposatzen duena ageri da bozka tokietan. Ziburun garaipenaren ziurtasun osoa erakutsi du hautagaiaren anaiak. Urruñan aldiz, Aramendik berak, «aukera onak» badituela adierazi badu ere, egunaren bukaerara arte itxoin beharra nabarmendu du. Baita Etchebarnek ere. Bigarren itzulirako ate ateko kanpaina egin ostean, pozik agertu da herriko ostatu bateko terrazan.



Bi herrietan orain arteko auzapezak ez dira berriz hauteskundeetara aurkeztu, arrazoi ezberdinak tarteko, eta arrazoi horiek beraien agurrean ageri dira, baita beraien jarreran ere. Osasun arazoak dituen adineko pertsona da Guy Poulou, eta alkatetza uzteak «lasaitasuna» ekarri diola adierazi dio GARAri, bozka gunera jendea agurtzera hurbildu dela baieztatzearekin batera. Oposizioan izan zuen Aldana Douatek irabazteko aukera handiak dituela eta bere iritzia emateko eskatu zaionean, aldiz, herrian ezagun duen jarrera bortitza eta mespretxuzkoa agertu du, behatzarekin zuzenduz «GARA kanpora» bota duenean. Errespetuaren izenean bere hitzak neurtzea eskatu, eta «badakit nolakoa den» gaineratu du egunariari buruz oharra eginez.



Eztabaida merezi ez duena bere errabian geratu da. Kanpora bere segida hartu duen Dubarbier-Gorostidi ageri da. Lehen itzulian emaitza oso txarrak lortu baditu ere, itxaropentsu eta irribarretsu ageri da gaurko emaitza «abstentzioaren araberakoa» izanen dela baieztatuz. Irribarra desagertu egin zaio, aldiz, bere aitzindariak esandakoaz galdetuta: «Nik ez ditut Poulou jaunak egindako adierazpenak kritikatuko».



Bestelako giroa da Urruñan. Odile de Coral penatuta ageri da bere postua uzteagatik: «Zerbait egiten dit bihotzean, familia txiki bat bezalakoa da». Urteetan oposizioan izan duen Aramendiri buruz galdetuta, berarekin harreman ona duela nabarmendu du, «gizon adeitsua eta inteligentea» baita. Bigarren itzuli honetan lasai dagoela baieztatu du, bere egoera «neutroa» dela behin baino gehiagotan baieztatu du, nahiz eta bukaeran bere segida hartu duen Gavilanekiko «joera baikorragoa» duela gaineratu.



Parte-hartzea

Parte-hartzea aurreko itzuliko antzekoa dela dirudi, ez da ilara handirik, nahiz eta kanpoan metro bateko distantzia errespetatuta itxaron behar den. Batean zein bestean horrela da, baina prefekturatik heldutako datuek, bestelako emaitzak erakusten dute, eguerdira arte %19,85eko parteahartzea izan baita departamentuan, lehen itzulian %26,40koa izan zelarik. Aldiz, 2014ko bigarren itzuliarekin konparatuta parekoa da gaurko datua. Lehen itzuliko beldurra pasata parte-hartze handiagoa espero zen, eta beharbada horrela izanen da egunaren bukaerarako, baina oraingoz, ez da horrela.



Bozkatzera hurbildu direnen artean lasaitasuna da nagusi, aurrekoan beldurragatik bozkatzera hurbildu ez zirenak ia ez dira ageri, eta lehen itzulian bozkatzera joan zirenak ageri dira, baina, oraingoan, legez beharrezkoa den maskararekin. Bozkatzean maskararen erabilpena eskandalagarria dela uste duenik ere bada. Matthiewk bozkatzeko momentuan musukoa kentzeko ez eskatzea legez kanpokoa dela dio, pertsona ezagutzea zailtzen baitu. Adineko urruñarra da bera, baina beldurra ez da ageri bere adierazpenetan, ez eta bi herrietako gazte zein adinekoen artean galderari erantzun diotenetan ere.