Manex ALTUNA

San Joseren eta Beñaten hizkuntz eskubideen alde

Gu Ere Bai! ekimenak agerraldia eta elkarretaratzea egingo ditu ostiral honetan San Mames estadioaren atarian, Athleticeko jokalariak diren San Josek eta Beñatek euskaraz idatziriko ohar batengatik sare sozialetan jasandako irainak eta mehatxuak salatu eta babesa adierazteko.

Gu Ere Bai ekimenak egin du deialdia.
Gu Ere Bai ekimenak egin du deialdia.

Mikel San Josek eta Beñatek astelehen iluntzean ezagutarazi zuten sare sozialetan zabaldutako ohar batean aurtengo denboraldia amaitu arte Athleticen jarraituko dutela. Bi jokalarien kontratuak ekainaren 30ean bukatzen ziren, baina Liga uztailaren 19an bukatuko da.

 

«Burua eta bihotza» izenburua zuen idatziak eta talde zuri-gorrian jarraitzea zergatik erabaki zuten azaltzen zuten. Oharra euskaraz bakarrik zabaldu zuten eta zenbaiten irainak eta mehatxuak jasan zituzten, nahiz eta San Josek berak itzultzaie bat eskaini zuen testua beste hizkuntza batean ulertzeko.

Gertatutakoa salatu eta bi jokalariei sostengua adierazteko Gu Ere Bai! ekimenak agerraldia eta elkarretaratzea antolatu ditu ostiral honetarako, uztailak 3. Eguerdiko 12.00etan izango da San Mamesen aurrean. Gu Ere Bai! ekimena euskal selekzioen aldarrikapena bultzatzeko sortu zen ekimena da eta martxo hasieran aurkeztu zuten ehunka kirolariren babesa jaso zuen manifestua. Sinatzaileen artean Mikel San Jose bera zegoen.

Bestalde, Athleticek isiltasuna mantendu du gai honen inguruan eta ez du oraindik bi jokalarien kontratu luzapenaren inguruko berririk eman.