Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak eta Oskar Zapata Euskaltzaleen Topaguneko Nafarroako zuzendariak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena berritu dute gaur goizean, Nafarroan 2020an Euskaraldia garatzeko, ‘Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan’ lelopean.
Aurten azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo den ekimenaren helburu nagusia da euskararen erabilera sustatzea eta euskal hiztunen hizkuntza-ohiturak aldatzea.
Aurtengo berrikuntza nagusia mota guztietako erakundeak ekimenarekin bat egitea izango da, ariguneak izenarekin euskara erabiltzeko guneak sortu eta identifikatzeko. Gune horiek uneoro bermatzen dute euskaraz hitz egiteko aukera, bai erakundearen barruan, bai herritarrekiko harremanetan. Talde horietako kideak ahobizi eta belarriprest bezala arituko dira Euskaraldiaren 15 egunetan, baina ariketa taldeka egingo dute jarduera guneetan.
Euskaraldiaren lehen edizioan 22.000 lagunek baino gehiagok eman zuten izena Nafarroan eta hamarnaka sustatzaile izan ziren. Aurtengo edizioan, milaka ahobiziren eta belarripresten parte-hartzearekin garatuko den ekitaldi sozialari, euskaraz hitz egiteko gune babestuak sortzeko ariketa kolektiboa gehitu zaio.
Agerraldian, Ollok eta Zapatak dei egin diete Nafarroa osoko elkarte, enpresa, saltoki, erakunde eta beste entitate batzuei ariguneak aztertu, sortu eta zabal ditzaten. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, dagoeneko sektore, tamaina eta ezaugarri ezberdinetako dozenaka erakundek bat egin dute ekimenarekin.
Izena emateko eta ariguneak sortzeko epea irailaren 27ra arte egongo da zabalik. Bestalde, 2020ko iraila eta azaroa bitartean, Euskaraldiak proposatzen dituen belarriprest eta ahobizi rolen izen-ematea egingo da.