Maddalen Iriartek Miramar Jauregian egin du hauteskunde kanpainaren azken eguneko goizeko agerraldia, orain lau urte EH Bildurekiko konpromisoa berretsi zuen leku berean. Koalizioko hogei emakume hautetsik babestuta, feminismoaren eta genero berdintasunaren inguruan hitz egiteko probestu du ekitaldia.
Aipatu du duela lau urte Nazio Batuen datuek ziotela hiru emakumetik batek jasaten zuela jazarpena, bortxaketa edo hilketa. Orduan feminismoarekiko bere konpromisoa adierazi zuela gogorarazi du, eta gaur konpromiso berbera berretsi du.
Datorren legegintzaldian, emakumeen premiak EH Bilduren «politiken erdigunera» eramateko lan egingo duela esan du, ez delako posible, bere aburuz, «emakumeek pairatzen dugun prekarizazioarekin jarraitzea, pentsiodunek 1.080 baino gutxiago kobratzea, gazteek prekarizatutako gizarte bat baino ezagutu ez izana». Hori ere «biolentzia» dela salatu du.
Zentzu horretan, Zaintza Sistema Publikoa sortzea beharrezkoa deritzo, «garaia baita komunitateak eta instituzioek zaintzen ardura bere egiteko».
Esan du, halaber, «soilik euren buruarekin hitz egiten duten gobernuen aurrean», EH Bilduk «elkarrizketa» eskaintzen duela, Mugimendu Feministarekin orpoz orpo lan egingo duela emakumeen «beharrak entzunez».
Indarkeria matxistari dagokionez, haren aurkako «itun» bat proposatu du. «Indarkeria matxistaren aurrean, minutuko isiluneek baino, tartean-tartean txapa more bat jartzeaz gain, zerbitzu publiko sendoak, diruz hornituak eta ongi koordinatuak baliagarriagoak izango dira. Horregatik, indarkeria matxistaren aurkako euskal itun bat proposatzen dugu, edukiaz gain, egun ditugun zerbitzu eta norabideak elkarlanean definitzeko. Itun konpartitu eta elkarrekin landutakoa nahi dugu, herritarrena, feministena».
Ordiziako agerraldia
Ordizia eta Goierriko agerraldiarekin «kezkatuta» dagoela adierazi du lehendakarigaiak, bestalde, eta salatu alkateak dioela «gardentasun falta handia» somatzen duela.
«Osasun publikoa eta informazio gardena lehentasuna izan behar dira osasun larrialdi batean eta ez genuke pentsatu nahi hauteskundeen atarian datuak ezkutatzen ari direnik», azpimarratu du horren harira.