Unidas Podemos Moncloara eta Pablo Iglesias Gobernu espainolaren bigarren presidenteordetzara iritsi zirenetik, lehen hitzordua zuen Elkarrekin Podemosek hautetsontziekin eta hauteskundeetako emaitzak inkestetako aurreikuspenak baino okerragoak izan dira.
Miren Gorrotxategi buru duen alderdiak 6 eserleku (2 herrialde bakoitzean) eta babesaren %8 (71.000 boto inguru) lortu ditu, 2016an hirugarren indarra izatea lortu ostean, EAJren eta EH Bilduren atzetik, PSE gaindituta eta 11 eserleku lortuta (157.334 boto).
Emaitza horiekin, Elkarrekin Podemosek eta bere kideek EAEn ezkerreko koalizio gobernuak erreproduzitzeko giltza gisa aurkezteko kanpainan jarritako helburua urrun geratu da.
Gainera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta Galizan beren burua ezkertiartzat duten alderdietatik oso azpitik geratu dira: lehenengo kasuan, EH Bildu eta PSE aurretik geratu dira, eta Bloque Nacionalista Galego (BNG) eta PSdeG, bigarrenean.
85.600 boto galdu ostean eta koalizio ezkertiar horien zailtasuna onartuz, Miren Gorrotxategik «gure programa politikoa ekimen parlamentarioetan garatzeko energia soberan» duela esan du Bilboko Itsas museoan egin duen hitzaldian.
«Lau urte geratzen zaizkigu aurretik, lan gogorra, ilusio handiz heltzen dioguna. Energia soberan dugu erronka horiei heltzeko, politika aurrerakoiak bideratzeko», gaineratu du.
Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak EH Bildu eta BNG zoriondu ditu «emaitza historikoengatik», eta twitter bidez, beraien «espazio politikoak aringarririk gabeko porrota» duela aitortu du.
«Eusko Legebiltzarrean dugun ordezkaritzaren zati handi bat galtzen dugu eta Galiziako Parlamentutik kanpo geratzen gara. Autokritika sakona egitea eta egin ditugun akatsetatik ikastea dagokigu», gaineratu du.
Nuestro espacio político ha sufrido hoy una derrota sin paliativos. Perdemos buena parte de nuestra representación en el Parlamento Vasco y quedamos fuera del Parlamento de Galicia. Nos toca hacer una profunda autocrítica y aprender de los errores que sin duda hemos cometido.
— Pablo Iglesias (@PabloIglesias) July 12, 2020