NAIZ
Donostia

Cristina Iglesiasen eskultura uztailaren 21ean eramango dute Santa Klara uhartera

Cristina Iglesias artistak egindako eskultura hurrengo asteartean, hilak 21, eramango dute helikopteroz Donostiako Santa Klara uhartera. Udalak jakinarazi du egun horretan Paseo Berria itxi egingo dela Oteizaren eskulturaren aparkalekutik, Carlos Blasco Imaz (Aquarium gaineko plaza) arte, goizeko 6.00etatik eskulturaren zati guztiak eraman arte.

Santa Klara irlako itsasargia. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Santa Klara irlako itsasargia. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Cristina Iglesias donostiarraren eskultura uztailaren 21ean eramango dute Santa Klara uhartera. Paseo Berritik irlaraino helikopteroz eramango dituzte artelanaren pieza guztiak. Udalak jakinarazi duenez, eskultura uhartera eramateko modua 2019ko urrian itsasargiaren etxeko lanak egiteko erabili den garabia eramateko berdina izango da.

Operazioa goizeko 6.30ak aldera hasiko da eta horretarako, 6.00etatik aurrera eta pieza guztiak eraman bitartean (gutxi gorabehera sei orduz), Paseo Berria itxi egingo dela adierazi du Udalak, ibilgailuentzat zein oinezkoentzat. Zehazki, Jorge Oteiza eskultorearen ‘Eraikuntza Hutsa’ eskultura ondoko aparkalekutik, Carlos Blasco Imaz plaza arte (Aquarium gaineko plaza) itxiko dute bidea.

Helikopteroak, gutxi gorabehera, 45 bidaia egingo ditu zati guztiak Paseo Berritik irlara eramateko. Eta behin zati guztiak eramanda, artelana jartzeko prozesuaren azken faseari ekingo zaio, hau da, itsasargiaren etxearen barruan jartzeko faseari.

Omenaldiarentzako tarterik ere egongo da operazio honetan. Udalak ohar batean zehaztu duenez, berez helikopteroz eskulturaren zatiak eraman behar zuen pilotua Haritz Galarraga zen eta hau, bere lankidearekin batera, duela bi aste helikoptero istripu baten ondorioz zendu zen Seu d’Urgell-en.

Obrek eragindako kalteak

Santa Klara uhartean eskultura honi lekua egiteko lanek eta obran erabilitako makinaria astunak ingurugiroan kalteak eragiten ari direla deitoratu zuten zenbait herritarrek, baita Udaleko EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiek ere.

Bideo bat grabatu zuten ingurua nola dagoen erakusteko eta kalte hauen inguruan Donostiako alkate Eneko Goiak azalpenak eman ditzala eskatu zuten.

Aurretik ere, zenbait elkarte ekologistak ohartarazi zuten eskultura Santa Klara irlan jartzeak eragin ditzakeen kalte ekologikoez, hau biotopo babestua delako.